Legazpi Hiria lehiaketako eta argazki rallyko sariak banatu ditu Ikatzak
Estatu mailako lehiaketa da Legazpi Hiria eta aurtengo edizioan 79 partaide izan ditu. Carlos de Cos Azkonak irabazi du. Argazki rallyan 48 partaide izan dira guztira, eta Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du helduen atalean, eta Ibon Huertak gaztetxoenean.
ARGAZKIA: Legazpiko Udala Ikatza elkarteak antolatutako estatu mailako Legazpi Hiria argazki lehiaketako eta Batis Goikoetxea Memoriala rallyko sariak banatu zituzten ostiralean
Legazpi Hiria Carlos de Cos Azkonak irabazi du, Azoka eguna lanarekin; bigarrena Javier Pedro Fernandez izan da (Kazajos 3); hirugarrena Oskar Gaskon (Me veo en tus ojos); eta herritarrarentzako edo bazkideentzako saria Errikarte Agirrek irabazi du (Arima). Lehiaketan 79 argazkilarik parte hartu dute, eta 237 lan aurkeztu dituzte guztira. Horietatik 50 argazki aukeratu dituzte, eta erakusketa ere egin dute; hilaren 20ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean.
Argazki rallya, berriz, Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du helduen atalean, eta Jose Miguel Romero eta Jose Luis Rodriguez izan dira bigarrena eta hirugarrena. Herriko edo bazkideen saria Carlos Mediavillak jaso du. Helduen atalean 42 partaide izan dira. Haurrenean, sei, eta Ibon Huerta izan da garailea. Leire Rebe izan da bigarrena eta Paula Castrillo hirugarrena.












