Blues doinuak Goierriko hiru musikari elkartu ditu

Ibilbide luzeko Goierriko hiru musikari blues doinuaren inguruan elkartu dira Los Notas Blues Band taldea sortzeko. Izen bereko CD bat kaleratu berri dute, egiten dutena etorkizunerako gordetzeko.

Sindo Mellado, Javi Gaztañaga ea ALberto de Lahidalga dira Los Notas Blues Band. ARGAZKIAK: Tere MadinabeitiaE

 Blues doinuak maite dituztenek badute Goierrin erreferentziazko talde bat: Los Notas Blues Band. Beasaingo Alberto Martinez de Lahidalgak, Urretxun bizi den Javi Gaztañaga legazpiarrak eta Legazpiko Sindo Mellado galiziarrak osatuta, duela gutxi kaleratu dute taldearen izen bereko lana. Hamar abestiz osatuta dago, eta fisikoki hainbat tokitan salgai egoteaz gain, Spotify eta Youtuben ere entzun daiteke.

Los Notas blues bandak Legazpiko Subeltza lokaletan du egoitza, eta bertan azken hilabeteetan egindako lana erakusteko egin dute CDa, «gure lan hori jasota gera dadin, oroigarri bat bezala». Subeltzan dagoen estudioan bertan grabatu dute, eta 5 euroan jarri dute salgai.

Ibilbide luzeko musikariak
Flamenkoaren munduan bezala, amari aipamena eginez diskoan bere burua Sindo de Lucia bezala aurkezten duenak baxua jotzen du, Alberto de Mariak gitarra eta armonika, eta Javi de Joxepik bateria. Musikari beterakoak dira hiruak, gaztetatik musikaren munduan murgilduta dabiltzanak. «Bokazioz hasi ginen jotzen, ondokoari begiratuta ikasiz, orduan ez zegoelako orain bezala musika eskolarik» dio Gaztañagak. «Kaseta jarri, aurrera eta atzera eragin, eta hala ikasten genuen askotan», Lahidalgak gogoratu duenez.

Subeltzan bertan egoitza zuen Mother Ship taldean aritu ziren duela gutxira arte Mellado eta De Lahidalga, baita ezkontzetan eta dantzaldietan jotzen ere urteetan. De Lahidalga, bere aldetik, Goierriko Zik-Lick taldean aritutakoa da, eta duela gutxi Arabako Los Retales taldean ere bai. Gaztañaga, azkenik, Goierri garaiko Josi y Los Javis taldean hasi zen, eta gero Berakatz Band eta Legazpi taldeetan ibili zen.

Orain dela gutxi elkartu dira hiruak, blues doinuaren inguruan. Bluesa asko gustatzen zaien musika estiloa da, eta «zahartzen ari garelako aukeratu dugu hein batean», aitortu du Melladok. Dena dela, blues estiloa musika guztien «ama» dela diote, eta «dena hortik dator, beste estiloen gainetik dago». Hirukoak, gainera, ez du abeslaririk, eta bluesa horrelako talde baterako egokia da, «instrumentaletarako oso aproposa da».

Los Notas izena jarri diote taldeari, De Lahidalgak proposatuta. «Niri asko gustatzen zait Cohen anaiek zuzendutako Lebowski handia filma, eta hor agertzen zen pertsonaietako bati El Nota deitzen diote. Hortik dator izena. Gainera, musika konnotazioa ere badu izenak».

Los Notas Blues Band taldearen historia laburrean zuzeneko emanaldiak ere badaude, eta azkenetako bat Legazpiko Karibe Zaharra tabernan uztailean egin zutena da. Ez dituzte emanaldi gehiagi egin, eta gehienak lagunen bitartez lortutakoak izan dira. Hurrengoa Lazkaon egingo dute, hilaren amaieran. Aurrerago izango dira hitzordu gehiago, horretarako prest daude behintzat. Jotzen duten musika estiloak leku lasaiak, eta publikoa eserita dagoen tokiak eskatzen ditu, areto txikiak, tabernak eta horrelakoak. Norbaitek deitu nahi badie, 650 346 458 da harremanetarako telefono zenbakia.

Hamar abestiko CDa
Entsegu eta emanaldien artean, tarte bat ere hartu dute abestiak sortzeko eta disko batean biltzeko. Taldearen izen bera eman diote uztailean kaleratu duten CDari, Los Notas Blues Band. Hamar abestiz osatuta dago, «bederatzi geureak dira, eta bat, bertsioa». Blues estilokoak dira guztiak. Diskoa egiten duten lanaren lagin bat besterik ez da, emanaldietarako errepertorioa bi ordura iristen delako.

Grabazio lanak Subeltzako estudioan egin dituzte, Iker Otegiren eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin. Salgai dute orain, 5 euroan, momentuz Karibe Zaharra tabernan, baina zuzenean musikariei eskatuta ere saltzen dute, baita kontzertuetan ere. «Prezio ia sinbolikoa da, ez ditugu kostuak ere estaltzen, baina gure helburua ez da dirua ateratzea, baizik eta egiten dugun lana erakustea eta gordetzea, gure legatua izatea», azaldu du Delahidalgak.

Lan hori historiarako jasota geratuko da baita Interneten ere, hor ere entzun daitekeelako hirukoak egiten duen musika. Bideo bat ere badute Youtuben, Funky Lebowski abestiarena.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa