Astotxo, hanka guztiekin berriz
Igandean ospatuko dute Lazkaon Eguberriak bukatzeko Astotxoaren festa herrikoia. ’Egiptorako ihesa’ antzerkia itzuliko da. Asto lehiaketaren dokumentala, gaur Arerian.
Asto lehiaketaren 25. urtemugari buruzko dokumentala gaur aurkeztuz hasiko dira Astotxoko ekitaldiak. // Argazkia: Aimar Maiz Ohiko osagai guztiekin egingo dute lazkaotarrek igandean Astotxo festa, Eguberri aldiari amaiera emango dion jaia. Aurreko hiru urteetako etenaldiaren ondotik, Zawopi taldekoek Egiptorako ihesa antzezpena berreskuratu dute. Aurrez, Gipuzkoako Enkarterri astoaren lehiaketa egingo da, plazan.
Berez, gaurtik sumatuko da Astotxoaren giroa Lazkaon. Antsoategi kultur elkarteak antolatzen duen Gipuzkoako asto lehiaketa eta bertako arrazaren kalifikazio ekimenak 25. urteurrena bete zuen iaz, eta dokumental batean jaso dute langintza horren bilakaera.
Ikus-entzunezko erreportaje hori gaur aurkeztuko dute, lehenengo aldiz jendaurrean emanda. Areria antzokian, 19:00etan da estreinaldia. Eo filma ere emango dute, saio berean. Sarrera doan da.
Asto lehiaketa igandean
Antsoategik eta Gipuzkoako Astozale Elkarteak igandeko festan jarraituko dute euskal asto arrazaren aldeko lanean. Astoekin kalean desfilea eta goizeresia eginez hasiko dute eguna, txistulari, trikitilari eta joaldunek lagunduta. Urtero bezela, nahi duten lazkaotarrek parte hartu ahalko dute astozain bezala, sokatik asto bat eramanez.
Eguerdi aldera, euskal asto arrazaren Gipuzkoako 23. Lehiaketako irabazleak sarituko dituzte, asto ar eta eme dotoreenak aukeratu ostean.
‘Egiptorako ihesa’ berriro
Pandemiak eten ostean, 2020tik egin ez den Egiptorako ihesa kale antzerkia itzuliko da aurten. Berreskuratzeko erronka jarri zuen Zawopi taldeak, herritarren partaidetzan eta antolakuntza-taldearen arnasberritzean oinarrituta.
«Azken urteetan gainbehera bat nabaritu genuen, eta gogoeta zen herritarren partaidetzarik gabe zentzurik ba ote zeukan berreskuratzeak. Udalak deialdi pare bat egin ditu, eta pixka bat kostata, baina erantzuna izan da eta jendea gerturatu da, bai antolakuntza lanak arnasberritzeko, bai antzerkian parte hartzeko; ematen du lortu dela», azaldu du Asier Sukia partaideak.
Antzezpenean, protagonista nagusien paperak mantenduko dituzte, berreskurapena errazteko. Umeekin aurrez egiten zen Astotxo Txikia kendu dute; «dimentsioa murriztu behar badugu, ez da arazoa, helburu nagusia berreskuratzea delako».
Fase berriari ekin nahi diote.
ASTOTXO EGUNA LAZKAON
Gaur, urtarrilak 3
- 19:00. Asto lehiaketaren 25. urteko erreportaje aurkezpen-emanaldia eta ‘Eo’ filma Arerian.
Igandea, urtarrilak 7
- 09:30. Asto diana, plazatik, musikariekin eta joaldunekin. Herritarrek eraman ahalko dituzte.
- 11:00. Enkarterri astoen kalifikazio ofiziala, plazan.
- 12:30. Gipuzkoako 23. Enkarterri Astoaren Lehiaketa, plazan.
- 13:00. ‘Egiptorako ihesa’ antzezpena, Zelaian.













