Biziolarentzat "mugarri berria"
Biziolak urteko batzar orokorra egin du gaur Lazkaoko fabrikan. "Mugarri berri bat" jarri dute: eraikina erosteko aukera lantzea eta bigarren solairua aktibatzea. Bea Egizabal clownaren gomendioak ere jaso dituzte bazkideek.
“Mugarri berri bat jarri dugu Goierri eraldatzeko bidean. Bazkideen babes zabalarekin onartu dira Batzar Orokorreko puntu guztiak. Egindakoaren irakaspenekin, jauzi garrantzitsu bat ematera goaz”. Balorazio horrekin amaitu du Lazkaon kokatuta dagoen Biziola Frabrikak urteko batzar orokorra.
Gaurko egunez, duela urtebete ireki zituen ateak Biziolak eta “ordutik, eskualdean elikadura burujatzebetzaren bidean pausoak emateko erreferentziazko espazio bihurtu da Biziola”. 460 bazkide inguru ditu Biziolak eta Goierriko 25 ekoizle “saretu” eta urte betean “bi ekoizle berri martxan jartzen” lagundu du Biziola. “Elkarrekin norabide bat partekatu bat definitu dugu eta elikadura kateko kate-begi ezberdinak artikuklatzen hasiak gara, elikadura ere burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baterantz ibilbidea elkarrekin egiteko”.
Hala ere, elikadura eremutik haragoko bidea ere egitea du helburu Biziolak, “elkarrekin etorkizun bizigarriak elikatzeko”. Batzar Orokorrak aho batez onartu du, Biziola Fabrikan pauso bat aurrera ematea “bigarren solairuan eskualdeko proiektu eraldatzaile ezberdinentzako lanerako espazioak” kokatuz.
Interkooperazioa ardatz
Leku fisiko bat baino gehiago izango da. “Interkooperazioa ardatz, proiektu ezberdinen artean lankidetzak indartu eta eskualdean indar handiagoarekin eragiteko, elkarrekin”. Martxan dauden proiektuen kokaleku izateaz gain, “proiektu berrien sorleku” ere izatea du helburu: “Goierri burujabeago, orekatuago eta iraunkorrago baten alde lan egingo duten proiektuak bildu eta hazi araziko dituen elkarlan gunea”.
Bestalde, orain arte alokairuan dauden eraikina erosteko aukera lantzea erabaki du batzarrak. “Fabrikaren erosketa apustu handia, baina Biziolak bere proiektua osotasunean garatu ahal izateko ezinbestekoa” da.