Ernaiko gazteak AHTaren aurka
Ataunen AHTaren aurkako eguna antolatu du Ernai gazte antolakundeak.
Ernai gazte antolakundeak deituta, Goierriko gazteak Ataunen bildu ziren atzo AHTaren aurka. “Makroproiektu honek gure eskualdeko testuinguru ekosozialean eragin nabarmena du eta gazteok ez dugu hau onartuko”, diote.
Egun osoko egitarau antolatu zuten. Goizeko 11:00etan eman zioten hasiera egitarauari, Ataungo udaletxean egindako mahai inguruarekin. Bertan Eguzkiko Juan Mari Beldarrainek eta Martin Ansok Renferen egoeraren inguruan hitz egin zuten, “honek hobekuntzak egiteko duen polikitasunaren inguruan eta honek dakartzan arriskuen inguruan”.
Garazi Auzmendik, Goierriko AHTrik ez plataformako kideak, AHTak Goierriko AHTaren egoeraren inguruan hitz egin zuen, “honek eskualdean dituen eraginak” azaleratuz. Azkenik, Ixtchel Irastortza Goierriko Ernaiko kideak honek gazteen bizitzetan duen eragina azaldu zuen Ordubete pasatxoko mahai ingurua izan da eta 40 pertsonatik gora bildu ziren bertan, gehienak gazteak.
Ondoren, kalostran bazkaria izan zuten Jo Ta Ke talde lazkaotarraren eskutik eta jarraian bingo musikatuarekin animatu zuten bazkalostea.
Arratsaldean, berriz, 18:30ean herriko plazan elkartu ziren “AHTrik ez dugula nahi aldarrikatzeko” elkarretaratzean. Ondoren, bertso-poteoa izan zuten June Aiestaranekin, Josu Txoperenarekin eta Janire Arrizabalagarekin. Eguna amaitzeko, kontzertuak izan zituzten Oargin. Lehenengo Emaion erromeri
legazpiarra izan zen oholtzan eta ondoren, legorretako DJ Lyma.