Turismo industrialaren jardunaldiak martxan daude
Atzo egin zuten irekiera ekitaldia Legazpiko Txillida Lantokian. Gaur eta bihar hainbat jarduera eta bisita egiteko aukera dago Goierri garaiko lau herrietan, doan.
Legazpiko Txillida Lantokian egin zen irekiera ekitaldiarekin hasi ziren atzo arratsaldean Goierri garaiko turismo industrialaren hirugarren jardunaldiak. Haren ondotik, Legazpin, Urretxun, Zumarragan eta Ezkion hainbat jarduera eta bisita gidatu egiteko aukera izango da gaur eta bihar, dena doan. Urola Garaia Turismo da antolatzailea.
Eric Galvez Legazpiko alkatea eta Iñigo Garcia Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria arduratu ziren jardunaldiei hasiera emateaz. Biek, eskualdeak duen industria ondarearen eta turismo baliabideen zabalpenean egindako lana goraipatu zuten, eta jardunaldiak horiek ezagutzeko aukera paregabea zela nabarmendu zuten.
Ondoren, hitza eman zioten Legazpi Zine Klub elkarteko Josean Larreari, eta horrek Jose Maria eta Maria Elosegik zuzendutako El Peine del Viento, ingenieria de su colocacion dokumentala aurkeztu zuen. Proiekzioaren amaieran, Txillida Lantokian bildutakoek bisita gidatua egin zuten museoan.
Gaur eta bihar jarduera eta bisita gidatu ugari daude aukeran. Programa osoa eta informazio gehiago www.urolagaraia.com webgunean dago.