Merkataritzako bonuak salgai ipini dituzte Lazkaon
Udaletxean eros daitezke bonuak. 30 euro ordainduta, 40 gastatu ahalko dira Lazkaoko 56 saltokitan.
Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? herrian erosketak egitera bultzatzeko bonu kanpainaren 9. edizioa atzo hasi zuen Lazkaoko Udalak. 30 euro ordainduta, 40 euroko balioko erosketak egin ahalko dira, herriko 56 saltokitan.
Guztira, 2.000 bonu atera ditu udalak, eta udaletxean edo plazan jarritako karpan erosi ahalko dituzte herritarrek. 5 euroko zatikietan banatuta dago bonu bakoitza. Aurrekoetan bezala, elikagai dendetan gastatu ahalko dira batzuk, komertzio orokorrean beste batzuk.
Bonuak erosterako garaian, norberaren Nortasun Agiri zenbakia erregistratuko du udalak. Bakoitzak gehienez bost bonu (150 euro) hartu ahalko ditu.
Udalak azaldu duenez, 2020an tokiko suspertze planak abiarazi zirenetik, Lazkaok 890.000 euro “mobilizatu” ditu udalerrian.