Altxa burua pantailetatik
Haur eta nerabeen artean lehen mugikorra izateko adinak eta pantailen «gehiegizko» erabilpenak kezkatuta hausnarketarako taldeak sortu dituzte Goierriko hamar herritan Altxa Burua izenarekin.
Goierri beheko herri desberdinetako Altxa Burua taldeetako hainbat ordezkari, joan den astean, Beasainen. Ariane Vierbücher Haurrak eta pantailen erabilpena gaiarekin kezkatuta, eskualdeko guraso talde batek hausnarketa prozesu bat jarri zuen martxan, «pantailek gure bizitzan duten eraginaz jabetzeko». Kezka bera duten hainbat bidelagun topatu dituzte, eta etorkizunean antolatuko dituzten ekintzetan ere «beste hainbat» topatzea espero dute, «kezka berdina dugunon artean taldean eragiteko».
Altxa Burua plataformaren barruan antolatu dira. Gipuzkoa mailan sortu zen egitasmoa, eta pixkanaka, herriz herriz ari dira taldeak sortzen. Goierri behean, Ataunen, Beasainen, Idiazabalen, Itsasondon, Lazkaon, Legorretan, Ordizian, Seguran, Zaldibian eta Zegaman antolatu dituzte taldeak.
Osasuna lehenestea
Telefono mugikor bat emateko adina atzeratzeko arrazoi nahikoa ikusten du Altxa Burua taldeak. Azken urteetan egin diren ikerketak dituzte oinarri, eta «kezkatuta» daude ondorioekin. «Pantailen erabilera goiztiarrak garapen kognitiboan kalteak eragiten ditu, loaren nahasmenduak sortzen ditu, garapen sozio-emozionalari eragiten dio, adikzioa, sedentarismoa areagotzen du, ikusmen arazoak… ».
«Pantailen erabilera goiztiarrak garapen kognitiboan kalteak eragiten ditu, loaren nahasmenduak sortzen ditu…»
Bestelako arriskuak ere aipatu dituzte, «geroz eta gehiago» ematen ari direnak. «Eduki desegokia ikusten dute eta jazarpen zibernetikoa jasateko arriskua dago». Kasu zehatzagoak ere aipatu dituzte. «Whatsapp taldeen bitartez egiten diren bazterketak, irainak… Eragin larriak sortuz, bai nerabe eta bai berauen familietan. Esaterako, 13 urtera arte, ez da legezkoa aplikazio hori erabiltzea». Ez dute zalantzarik, «horrelako teknologiak erabiltzeko heldutasun minimo bat ez izateak, arrisku handia suposatzen du gure seme-alabentzat, beraien garunak garatu gabe daude oraindik-eta».
Itun baten beharra
Geroz eta lehenago dute smartphone edo tableta haurrek. Altxa Burua taldean guraso diren heinean ondo ezagutzen dute inguruan duten errealitatea. «Ezagutzen ditugu kasu batzuk jaunartzerako telefono mugikorra oparitzen dietela haurrei. Edo 12 urterekin ere dezenteri ematen zaie», kontatu dute. Hori «goizegi» iruditzen zaie.
Telefono mugikorra edukita, sare sozialak esku-eskura dituzte, nahiz eta ez den legezkoa 13 urtetik beherakoek sare sozialak erabiltzea. Altxa Buruak gogorarazi du egokiena izango litzatekeela itun sozial bat bilatzea familia, ikastetxe eta eragile politikoen artean, nerabeek ahalik eta eduki gehien dituen smartphone bat Internetera entregatzea atzeratzeko. Plataformaren arabera, sareetarako sarbidea izateak «askoz ere arazo gehiago» dakartza «erraztu ditzakeen gauzak baino», eta horren ondorioetako bat «jazarpen zibernetikoa» da.
«Ez gaude pantailen kontra, baina bai gai hau arautzearen alde, eragile guztiak eskutik eta elkarlanean»
Altxa Buruak familien beharrezko lankidetza azpimarratu du eta, aldi berean, araudi batekin batera eta ikastetxeekin batera joan beharko lukeela. «Komunitatean eragitea eta adostea beharrezkotzat jotzen dugu».
Garbi utzi nahi izan dute ere, «ez gaude pantailen kontra, baina bai gai hau arautzearen alde, eragile guztiak eskutik eta elkarlanean». Kezka bera duten guraso eta eragileei dei egiten diete, Goierriko taldeetara batu eta hausnarketa egiteko.
Altxa Burua Goierrin
Harremanetan jartzeko
- Ataun. altxaburuaataun@gmail.com
- Beasain. altxaburuabeasain@gmail.com
- Idiazabal. altxaburueizal@gmail.com
- Itsasondo. altxaburuaitsasondo@gmail.com
- Lazkao. mugikorraketaumeak@gmail.com
- Legorreta. altxaburualegorreta@gmail.com
- Ordizia. altxaburuaordizia@gmail.com
- Segura. seguraaltxauburue@gmail.com
- Zaldibia. altxaburuazaldibia@gmail.com
- Zegama. altxaburuazegama@gmail.com












