Aizkorri-Aratz natur parkeko eguna ospatuko dute igandean
Lehenengo aldiz antolatu dute ospakizuna aldundiaren ekimenez. Natur parkeen garrantziaz ohartarazi nahi dute. Doako autobus zerbitzua antolatu dute iganderako.
Garagartza ingurua Aizkorri-Aratz natura-parkean.Hitza Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura inguruneko zuzendaritzak Aizkorri-Aratz natura-parkearen eguna antolatu du ekainaren 2an, Zegamako Udalarekin eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoarekin lankidetzan. Aizkorri-Aratzekin batera, Aiako Harria, Aralar eta Pagoetak osatzen dute Gipuzkoako natura-parkeen mapa; Gipuzkoako azaleraren %15 suposatzen dute, orotara.
Xabier Arruti, Lurralde Oreka Bereko diputatuaren arabera, jarduera honen helburua «parke naturalek kontserbazio naturalaren eta jarduera sozioekonomikoaren ikuspegitik duten potentziala erakustea eta, era berean, gure ingurunearen zaintzan kontzientzia sortzea», da. Aizkorri-Aratzeko natur-parkea Gipuzkoako handiena da, 159 kilometro koadroko azalerarekin. 2006an jaso zuen natur-parke izendapena. Natura ondarearen «babesleku eta gordeleku» ez ezik, Aizkorri-Aratz «aisia leku ezinbestekoa da gipuzkoar askorentzat». Hori horrela, «natura parkearen garrantzia aitortzeko eta bertako landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukeren ekarpena balioan jartzeko», antolatu dute aurten, lehenengoz, natura-parkearen eguna.
Otsaurtetik Garagartzara
Data ez da ausaz aukeratutakoa. Artzainak mendiko larreetan dauden sasoia lehenetsi da, batetik; eta Europan maiatzean zehar egiten diren bi ospakizun, bestetik: Natura 2000 eguna, 21ean eta Europako natur-parkeen eguna, 24an. Aizkorri-Aratzeko Garagartza ingurunea aukeratu dute, igandeko ospakizuna gauzatzeko. Otsaurtetik Garagartzara arteko bidea oinez egingo dute parte hartzaileek. Ordu eta erdiko bidea da, gutxi gorabehera; ez da gomendagarria 10 urtetik beherako haurrentzat eta ezingo da txakurrik eraman.
Behin Garagartzan, artalde bat bertatik bertara ikusteko aukera egongo da eta aditu batek, natur-parkean betetzen duten eginkizuna azalduko du. Ondoren, Basabizin —aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berrekuratzeko Urnietan duen zentroan— artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du basozain batek. Aurretik, Basabiziren egitekoaz eta hegaztiaren nondik norakoen inguruko azalpena emango du.
Segidan, palankarien erakustaldi bat izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutien jaurtitzean datzan jokoa da, behinola Euskal Herrian oso hedatuta zegoen kirola da eta artzainek bereziki atsegin zutena. Horren lekuko, Zegamako mendietan bada oraindik, Palankaleku izeneko leku bat. Amaitzeko, Et Incarnatus soka boskoteak Joan etorriko habanerak emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean, eta ondoren, gazta dastaketa eta salmenta egingo da.
Doako autobus zerbitzua
Goizeko 9:30ean egin dute hitzordua Otsaurten, eta itzulera ordua 15:00ak ingururako aurreikusi dute. Gipuzkoar guztiei luzatu diete Aizkorri-Aratzen egunean parte hartzeko deia eta horretarako aldundiak doako autobus zerbitzua jarri du Donostiatik eta Tolosatik abiatuta. Zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusa 8:00etan aterako da Donostiako Ibaeta auzotik eta 8:30ean Tolosan egingo du geldialdia Rondilla kalean. Autobus zerbitzua erabiltzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edo 943 80 21 87 edo 688 623 609 telefono zenbakietara deituta.
Aiako Harriaren eguna maiatzaren 26an ospatu zuten, Pagoetakoa ekainaren 8an eta Goierriko Aralar natura-parkearen eguna, aldiz, ekainaren 16an.













