Kirol aste bete-betea Idiazabalen
Astelehenean hasi eta ekainaren 9ra arte luzatuko da Idiazabalgo Kirol Astea. Markel Irizar eta Maider Unda kirolariekin solasaldiak antolatu dituzte, besteak beste.
Mendi bizikleta irteera bat Idiazabalen, artxiboko irudian. Ane Garmendia Idiazabalgo Kirol Elkarteak eta udalak elkarlanean antolatuta, Kirol Astea egingo da ekainaren 3an hasi eta 9ra arte. Aurten ere ekintza ugari izango dira, besteak beste, mendi ibilaldia, frontenis topaketa, patin ikastaroa eta mendi bizikletako irteera. Hizlari gonbidatuen artean, berriz, Markel Irizar txirrindulari ohia eta Maider Unda kirolari olinpikoa joango dira Idiazabalera.
Astelehenean, Markel Irizar (Oñati, 1980) txirrindulari ohiaren hitzaldiarekin hasiko da Kirol Astea. Irizarrek 2004an egin zuen debuta txirrindularitza profesionalean Euskaltel-Euskadirekin, minbizi bat gainditu eta gero. 2019ko Donostiako Klasikoan erretiratu zen. Hitzaldia udaletxeko areto nagusian izango da 18:30ean eta Joxe Mari Apaolaza kazetariak gidatuko du.
Asteburua bizikletarentzat
Asteartean, ekainak 4, Izan Biraren saio berri bat izango da 11:00etan Plaza Nagusitik irtenda. Arratsaldean, berriz, emakumeei zuzendutako mendi bizikletako saio gidatua egingo dute Pilarreneako bizikleta parkean, 18:00etatik aurrera.
Ekainaren 5ean, 6 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako lineako patinen ikastaroa dago antolatuta. Aita Iparragirre eskolako patioan izango da 18:00etatik aurrera. Kaskoa eta babesak eramatea beharrezkoa izango da.
Ekainaren 6an, Maider Unda (Gasteiz, 1977) borroka libreko kirolariaren hitzaldia izango da 18:00etan, udaletxean. Undak brontzezko domina irabazi zuen 2012ko Londresko (Erresuma Batua) Joko Olinpikoetan, besteak beste.
Larunbatean, 10:00etan emakumezkoen 2. frontenis topaketa egingo da Igarondon. Igandean, Kirola Astearekin amaitzeko, Igantzi-Arantzara (Nafarroa) irteera dago antolatuta —8:00etan, plazan—. 9:00etan, gazte eta helduentzako mendi bizikleta irteera eta 17:00etan, 6 eta 15 urtekoentzako mendi bizikletako saio gidatua Pilarrenean.













