Corpus Eguna

Korpus eguna ospatuko dute larunbatean Legorretan

Krosa egingo dute goizean. Ordizian ostiralean ospatuko dute eta Seguran larunbatean.

Iazko helduen Corpus lasterketa.Aimar Maiz

Larunbata, festa egun handia izango da legorretarrentzat: Korpus eguna. Korrika hasiko dute eguna, haurren (10:30) eta helduen (11:30) krosa izango baitituzte eguneko lehen ekitaldiak. Helduen krosa 44.a izango da, 7,5 kilometroko ibilbidea duena. 16 urte beteta dituztenek har dezakete parte. Izena ematea: kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan ere, lasterketa hasi baino ordubete lehenago udaletxean ere izena emateko aukera egongo da. Dohainik da. Lehenengo hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat izango dira garaikurrak; eta lehenengo herritarrarentzat ere bai. Loteak oparituko dituzte parte hartzaile guztien artean eta hamaiketakoa ere izango dute. Krosa dela eta GI-2131 errepidea itxita egongo da 11:30etik 12:30era.

Usadiozko meriendak

Arratsalde-iluntze partean, jan-edanerako ekitaldiak antolatu dituzte. Udalak ardoa eskainiko du eta 19.30ean, usadiozko meriendak izango dira plazan. Udalak herritarren eskura jarriko du afari-meriendarako mahaiak eta aulkiak; gaur da eskaera egiteko azkeneko eguna. Eskatutakoa aurreko egunean jaso beharko da (20:00-21:00) udalaren biltegian.  Mahai bakoitzeko bost euro ordaindu beharko da, eta euro bat aulkiko. Ordainketa materiala batzerakoan egingo da.

Egitaraua:

  • 10:30. Haurren krosa.
  • 11:30. 44. Helduen krosa.
  • Ondoren. Sari banaketa.
  • 18:00. Ardo dastatze txapelketa. 
  • 18:30. Zahagi ardoa.
  • 19:30. Usadiozko meriendak plazan.
  • Ondoren. Joselontxos txaranga

Seguran eta Ordizian
Seguran ere ospatuko dute Korpus eguna, etzi: 18:00etan buruhandiak eta erraldoiak eta 21:00etan herri afaria. Ordizian gaur, berriz, Beti Argi bandak Corpus eguneko kontzertua egingo du, 20:00etan, Plaza Nagusian.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa