«Kultur ekintzen helburua herritarren parte hartzea eta elkarlana bultzatzea dira, eta gozatzea»
Xiberoots talde zuberotarraren eta Sukena oñatiarraren kontzertua antolatu dute Aramako parkean, ostiralean, 20:30ean. Dohainik da. Autobus zerbitzua ere jarri dute Aramara joan-etorria egiteko.
Gaztaintxota kultur elkarteak musika eramango du ostiral iluntze-gauean Aramako parkera. Pilotalekuaren atzeko aldean jarriko dituzte oholtza, eta jan-edanerako txosnak.
Beti badago zerbait Araman.
Udane Arizmendi: Egia da azken aldian dezente gauza ari garela egiten. Saiatzen gara herritik eta herriarentzako diren ekintzak burutzen. Herrian Gaztaintxota kultur elkartea daukagu eta bertan ateratzen diren ideiekin urteko plangintza egiten dugu urtarrilean. Pixkanaka ekintza horiek egiten joaten gara. Ostiralean, Idi-pest daukagu.
Nondik dator Idi-pest izena?
Lierni Iztueta: Aramarrak berez idi hezitzaileak omen gara, ezizen horrekin ezagutzen omen gaituzte. Musika jaialdirako izen bat behar genuen eta herriaren izaera eta festa lotu nahi izan genituen. Hortik etorri da Idi-pest.
Aspalditxo esan zenuten uztailaren 12ko data gordetzeko.
Arizmendi: Intriga mantentzen saiatu gara.
Bi talde izango dira Idi-pest musika jaialdian: Xiberoots talde zuberotarra eta Sukena talde oñatiarra.
Arizmendi: Nahiko talde potenteak dira. Ez genuen uste hainbesteko potentziako taldeak izango zirenik baina orain ikusi dugu irratian egunero esaten ari direla. Ikusita ze oihartzun izaten ari den, pozik gaude Gaztaintxotatik. Espero dugu dena ondo ateratzea.
«Parkea, eguraldi ona, uda… lotu nahi genituen, iluntzeko gau giroa aprobetxatu nahi dugu»
Lierni Iztueta. Gaztaintxota kultur elkartea
Iztueta: Herrian beti, batez ere azken urteetan, egon da nahi bat uztailean parkean kontzerturen bat egiteko. Nahi horri heldu genion. Gure aurrekontua oso murritza da eta talde xumeekin hasi ginen. Izenak botatzen hasi ginen urtarril-otsailean… Ordiziarrockekoak ezagunak dira eta beraiei eskatu genien aholkua. Eta aholku eskatze horretatik elkarlan bat bideratu da. Azkenean lortu dugu Xiberoots eta Sukena ekartzea, Ordiziarrocki eta udalari esker.
Iluntzean hasiko da, 20:30ean.
Iztueta: Parkea, eguraldi ona, uda… lotu nahi genituen, iluntzeko gau giroa aprobetxatu nahi dugu. Lehenengo Sukenak joko du eta 22:00ak aldera Xiberootsek.
Autobusa antolatu duzue.
Arizmendi: Bai, joan eta etorria egiteko aukera egongo da Zaldibia (19:30), Ordizia (19:40), Itsasondo (20:00) eta Legorretatik (20:15). Itzulerakoa, 01:00etan aterako da Aramatik. Ordizian egingo du lehenengo geldialdia (01:10), Zaldibian ondoren (01:20) eta Itsasondon (01:30) eta Legorretan (01:35) azkena. Gaztaintxotak jana eta edana jarriko du.
Dohainik da?
Iztueta: Bai. Gaztaintxota sortu zen herrian kultur ekintzak antolatu eta herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoarekin. Beraz, Araman antolatzen ditugun ekintza gehienak, ia denak, dohainik dira, helburuak, herritarren parte hartzea, herritarren elkarlana bultzatzea eta gozatzea direlako.
Urte bukaera artean zer daukazue aurreikusita Gaztaintxotatik?
Arizmendi: Hilean ekintza bat edo bi lotzen saiatzen gara. Irailean sagardo txapelketa daukagu, Herniora ere oinez joan nahi dugu. Udazken kulturala ere izaten dugu; bertso afaria eta bakarrizketa bat izango dira. Azaroan festak. Eta abenduan, gehienbat Gabonei begirako ekintzak.
Iztueta: Aurten saiatu gara ekintza pare bat egiten, garbi edukita herri txikia garela. Edozein gauza antolatzeko garaian herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela. Eta beste helburua bat ere badugu: ez erretzea.
«Begira gure txikitasunetik zer egiteko gai garen, gauza handiak egiten ditugu»
Udane Arizmendi. Gaztaintxota kultur elkartea
Aramarrek erantzuten dute antolaketa lanerako?
Iztueta: Bai. Bileretara agian ez da jende gehiegi joaten, baina ekintzetan erantzun du. Eta laguntzeko prestutasuna ere izaten dute. Jendea gogoarekin dago. Azkeneko urteetan hainbat deialdi egin da taldea indartze aldera.
Zuen kamisetak garbi dio: Arama txikia bai, eskasa ez.
Arizmendi: Begira gure txikitasunetik zer egiteko gai garen, gauza handiak egiten ditugu.