Irteerarako minutuak kontatzen ari dira Ehunmiletako lasterkariak
Gaur 18:00etan abiatuko dira proba luzeeneko lasterkariak. 23:00etan abiatuko dira Goierriko Bi Handiak lasterketakoak. Igandean, 08:00etan abiatuko dira Marimurumendikoak. Dortsala jasotzera lasterkari ugari inguratu ziren atzo arratsaldean.
Ehunmilak trilogiako lehen lasterketa gaur 18:00etan abiatuko da. Ordu batzuk beranduago, 23:00etan, abiatuko dira Goierriko Bi Handiak trailekoak. Marimurumendi mendi maratoiak, berriz, igandean, 08:00etan du irteera ordua. Hiru lasterketa, 1.300dik gora lasterkari, 1.600dik gora boluntario,… Urte osoko lana da dena ondo antolatzea, baina azkeneko egunetan biderkatu egiten da. Anoa puntuak prestatu, balizajea, dortsal banaketa,… Atzo, esaterako, irteera eta helmuga marra muntatzen aritu ziren Loinazko San Martin plazan eta kaleak lasterketako ikurrekin apaindu zituzten. Dortsal banaketarekin ere atzo arratsaldean hasi ziren, eta lasterkarien joan etorria handia izan zen.
Tabernariek ere maratoi propioa izango dute. Plazape tabernako langileek aitortu dute asteburu «berezia» dela, «oso giro ona izaten da, eta ostegun arratsaldetik igandera, jende asko ibiltzen da, uneoro». Alojamenduek ere nabaritu dute Ehunmilaken jende oldea. Okupazio mailak gora egin du nabarmen. Asko dira ere, autokarabana eta furgonetetan inguratzen direnak egunotarako. Azken horientzako gune bereziak daude Antzizar kiroldegiaren atzean eta futbol zelaiaren ondoan.
Norbere erronka
Beasaingo Gernika pasealekuko pilotaleku txikian egin ohi dute Ehunmilak lasterketaren dortsal banaketa. Atzo, 17:00etan ireki zituzten ateak. Jende asko inguratu zen. Bartzelonako boskote bat, denbora egiten zegoen ateak zabaldu aurretik. Kontatu zuten «duela 10 urte» izan zutela Ehunmilak lasterketaren berri, eta harrezkero, «parte hartzeko gogoa» izan dutela. «Lasterketa amaitzea» izango dute erronka, «40 orduen bueltan» egitea kalkulatu dute. «Gogotsu» daude irteerako ordua iristeko eta «bertako inguruaz gozatzeko».

San Ferminetako zapi gorria lepoan zuela inguratu zen dortsala jasotzera Irurtzungo Eneko Razkin. «Lehenengo aldiz» parte hartuko du; «Iaz, Hiru Handiak lasterketa egin nuen lagun batzuekin, berotu ginen, eta hemen gaude». Proba luzean eman du izena, beste bi lagunekin: «Iratxo taldea gara, Alvaro Legarra, Eugeni Etxarte eta nik osatzen dugu». Dortsala jaso eta Iruñara zihoan, San Ferminetara. «Parranda handirik ez dut egingo, bueltatxo bat, Ehunmilak egiteko pronto egon nahi dut», aitortu du.
Ez zen bakarra San Ferminetako zapiarekin. Juanvi, beasaindarra da, eta Iruñara gerturatzeko asmorik ez bazuen ere, «bikotea Iruñakoa denez, zapia jantzita eramango dut zortea emateko» kontatu zuen dortsala jasotzen ari zen bitartean.
Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketak ondo ezagutzen duenik ere bazen atzo. Alvaro Rodriguez eta Asier Arzeluz donostiarrak dira. «Hamargarren aldiz» parte hartuko du, Arzeluzek, berriz, «seigarrena» du. Aurten, Goierriko Bi Handiak egingo dute, eta nabarmendu dute «berezi egiten duena, gauez ateratzea dela». Erronka garbia dute, «gozatzea». Eguraldiari begira zeuden, «ea lagun dugun».
- Bartzelonako boskotea, dortsala jasotzeko itxaroten.
- Eneko Razkin bere bikote Leticia Torres, Iruñara joan aurretik.
- Juanvi beasaindarrak ere zapi gorriarekin egingo du lasterketa.
- Asier Arzelus eta Alvaro Rodriguez donostiarrak.
Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketetarako dortsalen banaketak gaur jarraituko du.
Parte-hartzaileen kopuruei errepasoa eginez, aurtengo edizioan, guztira, 16 herrialde ezberdinetako 1.313 lagun daude izena emanda, hiru proben artean. Probaz proba partaideak honela daude banatuta: 426 partaide Ehunmilak Ultra-Trail proban, 537 partaide Goierriko Bi Handiak trail proban eta 350 partaide Marimurumendi maratoian. 232 emakumezkoak dira.
Eguraldia eta trafikoa
Egunotarako eguraldi iragarpena izan ohi da Ehunmilak komunitatearen kezka. 2018 urtean, bi lasterketa luzeenak hasita zeudela, ekaitzagatik lasterketa bertan behera uztea erabaki zuen antolakuntzak. Iaz, bero bortitzagatik eta ekaitz arriskuagatik, ultra trailaren irteera ordua bi orduz atzeratu zuten. Euskalmetek igorri du bere partea. Gaurko euria emanda dago. Ehunmilak lasterketaren irteerako atertze aldera egingo duela aurreratu dute. Mendian, baina, gogorxeago bota dezake. Larunbaterako, hodeitza zabaltzen joango dela dio Euskalmetek.
Trafikoari dagokionez, Beasaingo Udaltzaingoak, larunbat eta igandean auto-ilara txikiak sortu ahal izango direla iragarri du, parte-hartzaileak herriko kaleetatik igaroko baitira. Udalerriko kaleetako hainbat puntutan antolakuntzako kideak egongo dira informazioa ematen eta haien argibideak errespetatzeko eskatu dute. Garajeetako erabiltzaileak une oro atera eta sartu ahal izango dira. Era berean, erabiltzaile guztiei eskatzen zaie errespeta ditzatela Udaltzaingoak jarri dituen trafiko-seinaleak.
















