Legazpik bat egin du Mugikortasun astearekin
Bizikleta konpontzeko tailerra, patineterako bide hezkuntza saioak eta bizikleta martxa egingo dira astean zehar. LegazTipi-Tapa ere batu da egitasmora, eta Mugikortasun Astearen zapia jantzita egingo dute ibilbidea ostegunean.
Azken urteetan bezala, Legazpiko Udalak aurten ere bat egin du Europako Mugikortasunaren Astearekin, eta hainbat jarduera antolatu ditu gaur hasi eta ostiralera arte. Garraio praktika iraunkorragoak sustatzea du helburu Mugikortasun Asteak, eta aurtengoak espazio publiko partekatua du gaitzak, eta Konbinatu eta mugitu! da leloa.
Udalak azaldu duenez, “espazio publikoa partekatzeak onura asko dakarzkio gizarteari. Pertsonek, garraio modalitateek eta jarduerek beren espazio propioa duten eremua, oreka sozial handiagoa, bide segurtasun handiagoa, zarata eta airearen kutsadura gutxiago eta bizi kalitate hobea duen eremua da”. Mugikortasunaren Europako Asteak “gure espazio publikoa nola partekatu elkarrekin erabakitzera gonbidatzen gaitu, bai eta ingurune atsegin batean segurtasunez eta erosotasunez mugitu gaitezen ziurtatzera ere, bereziki, oinezkoak eta txirrindulariak”.
Legazpin hainbat ekintza gauzatuko dira gai horren inguruan, besteak beste, bizikleta konpontzeko tailerra, patineterako bide hezkuntza saioak eta bizikleta martxa.
Lehen jarduera gaur bertan izango da, Jarri zure bizikleta prest Mugirekin izeneko saioa. Bizikletak konpontzeko tailerra izango da, eta 16:00etatik 20:00etara egongo da jarrita Euskal Herria plazan. Doako zerbitzua da, baina Mugi txartel pertsonalizatua aurkeztu beharko da. furgoneta-tailer bat egongo da bizikletak konpontzeko. Aldundiaren furgoneta-tailer bat da. eta bertan bizikleten oinarrizko konponketa zerbitzua eskainiko da. Herritarrak matxura txikiengatik erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatu nahi dira, eta beste garraiobide batzuk, batez ere ibilgailu pribatua, baztertzea da helburua.
LEGAZPIKO MUGIKORTASUN ASTEA
EGITARAUA
Irailak 16, astelehena
JARRI ZURE BIZIKLETA PREST MUGIREKIN
16:00etatik 20:00etara furgoneta-tailera, Euskal Herria plaza
Irailak 17 eta 18, asteartea eta asteazkena
BIDE HEZKUNTZA PATINETEAN
17:30etik 18:00etara elkartu, eta saioa 18:00etatik 19:00etara izango da.
Eraman beharrekoa: patinetea
Nori zuzendua: batez ere LH4,LH5 eta LH6ko ikasleei
Tokia: irailaren 17an Laubiden, eta irailaren 18an Azoka gunean
Umeek patinetea eraman beharko dute. Patinetearekin libre ibiliko dira udaltzainek zehaztutako eremuan. Eta ondoren ikusaraziko zaie, libre ibiltzeak arriskuak dituela. Egoera aztertu ondoren, haurrek arauak jarriko dituzte, beti ere udaltzainen oniritziarekin. Saioari amaiera emateko, mugikortasunerako arauak daudela eta horiek errespetatuz gero arriskua nabarmen gutxitzen dela ikusaraziko zaie.
Irailak 19, osteguna
LEGAZTIPI-TAPAK MUGIKORTASUN ASTEAREKIN BAT
Noiz: 10.30ean
Nori zuzendua: herritar guztiei
Tokia: Euskal Herria plaza
Ostegun horretan Legaztipi Tapa jarduerak Mugikortasunaren Astearekin bat egingo du. Atxikimendu hori agerian utziko dute kanpainaren irudia duen zapi bat jantzita.
Irailak 20, ostirala
BIZIKLETA MARTXA
17:30etik 18:00etara elkartzeko tartea izango da eta saioa 18:00etatik 19:00etara izango da.
Eraman beharrekoa: bizikleta eta kaskoa
Nori zuzendua: herritar guztiei, baina batez ere, haurrei eta haien gurasoei
Tokia: Euskal Herria plaza
Herritarrak plazan elkartu, eta herritik zehar bira bat egingo da, errepidea zein bizikleta bideak erabiliz. Ibilbidea egin aurretik izen-abizenak jasoko dira. Amaieran, bizikletarako hainbat gailu zozkatuko dira eta pintxoak banatuko dira.