Irizar e-mobility European Mobility Expo 2024an parte hartzen ari da, Estrasburgon
Frantziako Estrasburgo hirian egiten ari den European Mobility Expo 2024 azokan dago Irizar e-mobility. Atzo hasi eta bihar bukatuko da. Haren standean 12 metroko luzera duen Irizar ie tram bat dago ikusgai, konpainiaren bereizgarria den ibilgailua.
Bi urtean behin egiten den eta garraio publikoa ardatz duen ekitaldia da European Mobility Expo, eta mugikortasun jasangarriaren sektoreko enpresa eta erakunde nagusiak biltzen dira bertan.
Irizar e-mobilityk azokako stand-ean du ikusgai, Orleans Métropoleren jabetzakoa den 12 metroko luzera duen Irizar ie tram motako autobus elektrikoa. Hain zuzen, ie tramaren diseinu berritzaile eta modernoak mundu osoko hiri ugari liluratu ditu eta zirkulatzen ikus dezakegu Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Espainia), Londresen (Ingalaterra), Genevan (Suitza), Meridan (Mexiko), Baionan (Frantzia) edo Schaffhausenen (Suitza), besteak beste. Gainera, urte honen hasieratik, konpainia bere autobus elektrikoen belaunaldi berria entregatzen ari da bezeroei.
Irizar Bibus sarean
Irizar e-mobilityk autobus elektrikoen kontratu bat lortu du Frantziako beste metropoli batean. RATP Dev, Brest Métropoleren kontura diharduen Bibus sarearen operadorea, Irizarren beste hamar autobus elektrikorekin hasiko da zerbitzua ematen 2025eko uztailaren erdialdean.
“Euskal Hirigune Elkargoak berriki egin digun eskaeraren ondoren, pozgarria da guretzat iragartzea RATP Dev-ekin beste kontratu bat izenpetu dugula Brest Métropolerako. Frantzia herrialde garrantzitsua da guretzat. Irizarren 200 autobus elektriko baino gehiago dabiltza dagoeneko Frantziako hainbat hiritan. Pozik gaude hiri berdeagoak eta emisiorik gabekoak bihurtzeko egiten ari diren bidean lagundu ahal diegulako”, adierazi du Iñigo Etxeberria Irizar e-mobilityko zuzendari nagusiak.
1.000. autobusa
Irizar e- mobilityk aurki entregatuko du bere 1.000. autobusa. Zifra “garrantzitsua da”, euskal konpainia sortu zela zortzi urte baino ez direla igaro kontuan hartuta.“1.000. ibilgailua zifra bat baino gehiago da guretzat, konpainia handi hau osatzen dugun pertsona guztien ahalegina, talde lana eta konpromisoa esan nahi du. Enpresa ertain bat gara, tokiko ekoizpenarekin, marka handiak dituen nazioarteko merkatu batean lehiatzen dena. Berrikuntza eta teknologia dira merkatu zorrotz honen mailan egoteko gakoa. Ibilgailu eta baterien belaunaldi berriak lantzen jarraitzen dugu operadoreen eta merkatuaren beharretara egokitzeko”, esan du Etxeberriak.
Azkenik, aipatzekoa da Irizar e-mobilityko 49 autobus elektriko 2020. urte amaieratik dabiltzala EuMo 2024 azoka honen anfitrioia den hiri honetan. Estrasburgoko Eurometropolek Irizar e-mobilityren autobus elektrikoetan konfiantza izan zuen bere hirian garraio guztiz jasangarria ezartzeko. Aukeratutako modeloa Irizarren ie bus izan zen, 12 metroko luzerakoa.
Irizar e-mobilityk nazioartean hedatzen jarraitzen du. Londres, Paris, Bartzelona edo Madril mailako hiriek euren autobus flota eraldatu dute Irizar e-mobility ibilgailu elektrikoak sartuz. Ibilgailu elektriko horiek ere putzua zeharkatu dute, eta Mexikora ere iritsi dira. Han, hogeita hamahiru Irizar ie tram dabiltza aurtengo ekainetik Yucatan Estatuko Meridako kaleetan.