EKITALDIA. Indarkeria matxistaren aurkako lehen garrasia, komunitatean

Asteburu Mikologikoko 'txanpi solidarioa' Hotz Legazpiren alde izango da aurten

Lekanazpi elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, urriaren 11n, 12an eta 13an egingo dute aurten. Ibilbide gidatua, erakusketak, dastaketak, haurrentzako txokoak eta Upelgilearen begia jokoa ez dira faltako, ezta Ai Ze taldearen musika emanaldia ere.

Lekanazpi elkarteak eta udalak antolatuta, urriaren 11n, 12an eta 13an egingo da Legazpiko Asteburu Mikologikoa, Azokan. Iaz Katxalin eta Aspanogi elkarteekin zabaldutako elkartasun bideari eutsiko dio aurten ere, eta Hotz Legazpi izango da ‘txanpi solidarioa’ ekimeneko protagonista.

Atzo aurkeztu zituzten Asteburu Mikologikoaren xehetasunak Lekanazpi elkartean. Perretxikoak izango dira asteburuko ardatza. Perretxiko bilketa eta sailkapena egingo dira Aranzadi elkartekoen laguntzarekin, ibilbide mikologiko gidatua egingo dute Gorostiaga mendian, eta Azokan erakusketa egiteaz gain, dastaketak eta Upelgilearen begia lehiaketa ere egingo dira. Musikarik ere ez da faltako, eta Ai Ze taldeak emanaldia egingo du larunbatean, 12:30ean.

Txanpi solidarioa
Iaz arrakasta handia izan zuen Txanpi solidarioa ere egingo dute aurten. Larunbatean barrengorriak prestatuko dituzte, plantxan zein saltsan, eta pintxoak salduko dituzte, elkartasun helburuarekin. Salmentatik ateratako dirua errefuxiatuen alde lan egiten duen Hotz Legazpi elkartearentzat izango da. 

Hotz Legazpik, bere aldetik, postu bat jarriko du materiala saltzeko, besteak beste, Palestinako bandera eta SMH elkartekoa. Gainera, Mari Romero idazleak ¿Por que no nos dejais entrar? liburua salduko du, eta dirua Hotz Legazpiri emango dio.

Asteburu mikologikoaren antolatzaileek Txanpi solidarioaren inguruan dagoen elkarlana azpimarratu dute, iaz Aspanogi eta Katxalinekin sortu zena, eta aurten Hotz Legazpirekin.

Ibilbide mikologikoan parte hartzeko deia ere egin dute. Perretxikoekiko zaletasuna bultzatzeko helburua du, eta Jon Ander Jaka, Xabi Galdos eta Maialen Aztiria izango dira gidariak.

EGITARAUA

OSTIRALA (urriak 11)

PERRETXIKOAK JASOTZEA LEKANAZPIN
17:00-20:00 Norbanakoek bildutako perretxikoen jasotzea Lekanazpi elkartean. Aranzadiren gomendio jasangarriak jarraituz perretxiko bakoitzaren ale bat edo bi jasotzea/ekartzea eskatu nahi dugu, garrantzitsua delako perretxikoak basoan geratzea. Antolatzaileekin harremanetan jartzeko deitu 611 040 487 telefonora.

LARUNBATA (urriak 12)

IBILBIDE MIKOLOGIKO GIDATUA
9:30-12:30 Ibilbide mikologiko gidatua. Perretxikoen inguruan zerbait ikasteko prest daudenentzat. San Martingo aurkepean elkartuko gara 9:30etan eta bi-hiru ordu inguruko ibilbidea egitea aurrikusten dugu. Aurrez izena ematea ez da beharrezkoa. Ez dago plaza mugarik. Adin guztiei zuzendutako ibilbidea da; bakarrik, lagunekin, taldean edo familiarekin egiteko plana da. Ibilbide bikaina, azoka gunean amaituko da (salda eta txorizoa denontzat). Jende asko elkartuz gero, talde desberdinak osatuko dira. Ibilbidean perretxikoen mundu zoragarrira gerturatuko gara. Aurkitzen ditugun perretxikoak bereiztu eta ezagutuko ditugu. Perretxikoek ekosisteman eta bizitzaren zikloan duten garrantziaz arituko gara. Ziur gaude ibilbide honetan, hainbat mota desberdinetako perretxikoak aurkitu eta bilduko ditugula. Jasotako perretxikoak erakusketa antolatzeko erabiliko ditugu, gure inguruko espezie ohikoenak erakusteko asmoarekin.

PERRETXIKOAK JASOTZEA
11:00-14:00 Perretxikoak jasoko dira azoka gunean. Perretxikoen truke salda eta txorizoa eskainiko da. Goizeko ibilbide mikologiko gidatuan bildutako perretxikoez gain, norbanakoek euren kaxa basoan bildutako perretxikoak jasoko dira. Aranzadiren gomendio jasangarriak jarraituz perretxiko bakoitzaren ale bat edo bi jasotzea/ekartzea eskatu nahi dugu, garrantzitsua delako perretxikoak basoan geratzea.

TXANPI SOLIDARIOAK
13:00-14:30 eta 19:00-21:00 Txanpi Solidarioen banaketa. Bildutako dirua HOTZ LEGAZPI elkartearentzat izango da.

Hotz Legazpi errefuxiatuekin konprometitutako boluntarioen talde bat da, eta gogor lan egiten dute euren egoera hobetzeko ahal den neurrian laguntzen. Arropa eta janari bilketa, dokumental proiekzioak, hitzaldiak, sentsibilizazio jarduerak eta abar antolatzen dituzte. Kulturen arteko bizikidetza sustatzen dute eta giza eskubideak defendatzen dituzte, bereziki asilo eskubidea.

MUSIKA EMANALDIA
12:30 Musika emanaldia zuzenean, Legazpiko Ai Ze taldearen eskutik.

PERRETXIKO SAILKAPENA ETA ERAKUSKETA
15:00-18:30 Perretxiko sailkapena Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Perretxiko bakoitzari bere izena jarriko zaio, bakoitzaren berezitasunak aipatuz. Gainera denbora tarte honetan interesa duten perretxiko biltzaileek, Aranzadi elkartekoei zuzentzeko aukera izango dute. Zalantzak argitzeko eta galdera mikologikoak egiteko tarte librea izango da.

18:30-23:00 Perretxikoen erakusketa. Era guztietako perretxikoak jarriko ditugu bistara, hartara, herritarrek horien arteko ezberdintasunak ikus ditzaten, eta jatekoak direnak bereiz ditzaten. Jasangarritasun irizpideak jarraituz, 100 mota desberdin sailkatzea/erakustea hobetsiko da.

19:00-21:00 Upelgilearen begia apustu-jokoa.

21:00 Saskia pisatzea eta sari banaketa. Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko du (“saskia bete bihotz”).

22:00 Itxiera

IGANDEA (urriak 13)

PERRETXIKOEN ERAKUSKETA ETA DASTAKETA
10:00-15:00 Perretxikoen erakusketa azokan.

12:00-13:30 Umeentzako marrazketa gunea. Gaia: Perretxikoak.

12:00-14:30 Upelgilearen begia apustu-jokoa.

13:00-14:30 Hainbat perretxiko pintxoren dastaketa azokan, borondatearen truke.

14:30 Saskia pisatzea eta sari banaketa. Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko du (“saskia bete bihotz”).

15:00 Itxiera

UPELGILEAREN BEGIA APUSTU-JOKOA
Apustu bat da. Perretxikoz betetako saskiaren pisua ea nork asmatzen duen edo nork gehien hurbildu.
Saria: Perretxikoz betetako saskia, makila eta labana.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa