Karlos Gimenezek 'HitzaHots' disko liburua kaleratu du
Jabier Imazek euskaratu dituen 2016ko Gimenezen poemak ditu oinarri disko liburuak. Nerea Gorritik jarri die ahotsa eta musikari goierritarrak doinua.
Karlos Gimenez goierritarra HitzaHots disko liburuaren aurkezpenean.Elkar. Hitza eta hotsa elkarturik, HitzaHots disko liburua argitaratu du Karlos Gimenez goierritarrak, Nerea Gorritirekin elkarlanean, Elkar argitaletxearekin. Hamalau poema biltzen ditu disko liburuak, horietatik hiru, abesti bihurtuta. Gimenezek jarri du doinua pianoarekin, eta Nerea Gorritik ahotsa. Iñaki eta Koldo Huizi anaiek egindako ilustrazioek jantzi dute disko liburua.
14 poema, hiru musikatu
Gimenez musikari goierritarrak argitu duenez, 2016an argitaratu zuen La voz rendida poema liburuan du oinarria kaleratu duen azken proiektuak. «Gaztelaniaz idatziak izan ziren poemak, baina bat-batean, guztiz ezustean, Jabier Imaz Aierbek idatzitako euskarazko bertsioa iritsi zitzaidan emailez. Sekula ez diot merezi duen moduan eskertuko bere arte poetikoarekin egin zidan oparia, errespetu eta zehaztasun osoz egindako lana».
Denbora batera, hamalau poema aukeratu, eta hiru musikatu zituen, Elkar argitaletxera eraman zuen proiektua. «Musikaren eta literaturaren munduen artean igarotzen ditut orduak, egunak, eta orain literatura musikalari heldu diot, hitzaren botereari aitortza eginez, merezi duen protagonismoa emanez, Nerea Gorriti abeslariaren eta aktorearen laguntzaz eta talentuz lagundurik, bere ahots paregabeak musikari eta hitzari ematen dizkien kutsu bereziekin».
Gogoetak
Gimenezen esanetan, HitzaHots «gogoetak dira, bizitzari eta horri darion magiari buruzko hausnarketak. Itsaso zakarretan murgiltzen dira pertsonaiak batzuetan, bakearen, lasaitasunaren, ilusioaren eta desiraren besoetan kulunkatzen besteetan… Bizitzaren metafora gorenean bihurtzeko ahaleginean: artea, edo artearen ispilua behintzat».













