‘Ordizian erosteak urrezko egiten zaitu’ kanpaina, bihartik aurrera
Ordizian Merkatari Elkarteak antolatu du Garaguneko kideekin batera. 20.000 bonboiren artean Urrezko sei daude ezkutatuta.
Aurreko urteko arrakastaren ondoren, Ordizian elkarteak udalarekin batera, Ordizian erosteak Urrezko egiten zaitu sentsibilizazio kanpaina errepikatuko du bihar hasita.
Honela, herriko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek bonboiak eskuratzeko aukera izango dute. 20.000 bonboi banatuko dituzte, eta horietako 6 urre kolorekoak izango dira. “Bonboi berezi horiek sari bana izango dute: Herriko saltokietan gastatzeko 500 euroko sari bat edo 100 euroko bost. Irabazleek bonboiaren bilgarria Ordizian bulegoan aurkeztu beharko dute saria jasotzeko”.
Ordizianen esanetan, sentsibilizazioan eragitea da kanpainaren helburua, hau da, “herritarrak bertan kontsumitzeak duen garrantziaz ohartaraztea. Saltokiak irekita egoteak argia, bizia eta indarra ematen diote herriei, urreak bezala”.
Ordizianen esanetan, halako kanpainak “ezinbestekoak” dira. “Etengabe egin behar da saiakera, informazioak xurgatzen gaituen garai hauetan kalean ibiltzeak, erakusleihoak ikusteak eta bertan erosteak dituen onurak erakutsiz”. Halaber, halako egitasmoak sustatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, sektorearen profesionalizazioan eragiteko, egungo eta etorkizuneko kontsumitzaileek herriguneetan kontsumitzen jarrai dezaten. Gainera, datorren astean sei egunez martxan izango den kanpainak Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa duela azaldu dute.
Garaguneko kideen laguntza izan dute kanpaina aurrera eramateko.