Legazpiko Udala hasi da Latxartegi ingurua berritzeko proiektua lantzen
Eremu horren erabilera areagotzeka nahi du. Parte hartze prozesu bat jarri du abian, hasieran inguruko egiturak erabiltzen dituztenekin eta bizilagunekin, eta gero, herri osoarekin.
Latxartegi plazaren edo inguruaren etorkizuna “elkarrekin irudikatzeko prozesua” martxan jarri du Legazpiko Udalak, eta herritarrekin batera landuko obren proiektua definitzeko oinarria. Prozesua Juntura Kooperatibak landuko du. Hurrengo asteetan herritarrei zuzendutako batzar ireki bat antolatuko da
Udalak gogoratu du Latxartegi plazaren diseinua duela 30 urte ingurukoa dela. “Hiriko traman garrantzia handia du lotura elementu gisa, bai inguruko auzoak artikulatzeko, baita plazan bertan dauden ekipamenduen osagarri modura”, baina “egoteko espazio gisa gehiago erabiltzea eragozten duten ezaugarri asko” ditu,, eta irisgarritasun eta segurtasun baldintzak ez ditu “egoki” betetzen.
Horregatik, ingurune hori berriz urbanizatzeko proiektuak bere erabilera areagotzea bilatu beharko duela adierazi du udalak, eta herriak gaur egun dituen behar eta erronkei erantzungo dien diseinu egoki bat izan beharko du.
Parte hartze prozesua
Latxartegi ingurune berri hori lortzeko bidean, lehen pausoa “herritarren ahotsa” kontuan hartuko duen parte hartze prozesu bat abian jartzea izan da. “Latxartegi plazaren inguruaren etorkizuna elkarrekin irudikatzeko balioko du, eta obren proiektua definitzeko oinarria izango da”. Juntura Kooperatibak gidatuko du parte hartze prozesu hori, eta hainbat fasetan banatuko du.
Momentuz, alor desberdinetako udal teknikariekin eremuaren analisia egin da, eta plazaren etorkizuneko konfigurazioaren lehen proposamen zirriborroa marraztu du Junturak. Eremu horretan biltzen diren talde eragileekin saio espezifikoak ere egiten ari dira, plazaren izaerari, erabileren definizioari eta udal teknikarien lehen proposamenari buruzko ekarpenak jasotzeko. Latxartegi inguruko ekipamenduetako arduradunak, pertsona nagusiak, nerabeak, emakumeak eta eremu horretako biztanleak, garajeen jabeak eta negoziotako arduradunak ari dira parte hartzen saio horietan.
Hurrengo asteetan batzar ireki bat egingo da herritar guztiekin aurreko faseetan landutako proposamena kontrastatzeko eta hori aberasteko ekarpenak jasotzeko.
Behin ekarpen guztiak jasota, herritarrei aurkeztuko zaie berriz ere emaitza, eta hori izango da Latxartegi ingurua berriz urbanizatzeko proiektua idazteko gida gisa erabiliko dena.