Zainketen arloan lan egiten duten 15 pertsonek jaso berri dute gaitasun titulazioa
Uggasa garapen agentziak Gurutze Gorriarekin eta Euskal herriko Unibertsitatearekin lankidetzan antolatutako ikastaroa egin dute.
Uggasa garapen agentziak antolatutako ikastaroari esker, Goierri garaiko hamalau emakumek eta gizon batek eskuratu berri dute Pertsonei Etxean Arreta Soziosanitarioa Emateko Ziurtagiria. Titulu hori eta eskuratu dituzten gaitasunak beharrezkoak dira etxeko zainketen arloan lan egiteko.
Ikastaro honetan parte hartu duten ikasle gehienek prestakuntza saioak eta etxeko zainketa lanak egin dituzte batera. Batzuek barne erregimeneko lana eta familia kontziliazioa bateratu behar izan dituzte prestakuntza horrekin, eta horrek “balio handiagoa” ematen dio titulua lortzeari.
Bestalde, hamabost parte hartzaileetatik bederatzik prestakuntzaren bidez erregularizatu egin dute legezko egoera eta, horrela, kontratuak formalizatzeko baldintzak bete dituzte. Horrela, guztira 13 pertsona daude egungo lanpostuari eusteko moduan, Mendekotasun Legean eskatzen diren betekizunen arabera.
Urola Garaia Elkarrekin 2022-2024
Urtero antolatzen du zaintza langileak prestatzeko ikastaro hau Uggasak, eta aurtengo edizioa Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren esparruan egin da, Urola Garaian Elkarrekin 20022-2024 proiektuaren bidez.
Ikastarorako beste erakunde batzuen elkarlana izan du Uggasak. Hala, Urola Garaiko Gurutze Gorriak alderdi teorikoa landu du. Euskal Herriko Unibertsitatea, berriz, eta esku- hartze psikologikorako eta osasun fisikoan prestatzeko programaren bitartez, profesionalengan autozainketaren garrantzia eta jarduera fisikoaren onurak sustatzeko lerroaz arduratu da. Uggasak berak, azkenik, ziurtagiriaren orientazioa eta koordinazioa eraman du.
Zaintza lanen garrantzia
Etxeko zaintzak gero eta gizarte premia handiagoa dira Uggasaren ustez, eta zaintzako profesionalen prestakuntza lehentasunezko bihurtu da alor horretan lan egiteko. Hori dela eta, Goierri garaiko garapen agentziak hainbat lan ildo gauzatzen ditu arlo horretan diharduten duten eskualdeko agenteekin “lankidetza estuan”. Horren baitan, profesionaltasun ziurtagirien eskaintzaren aldeko apustua egin du, sektore hori profesionalizatzeko beharrezko tresna dela iritzita.
Bestetik, Uggasak lan orientazioa ere ematen die ziurtagiri bila doazen zaintzaileei, eta tramitazioetan eta lan eskaintzak bilatzen laguntzen die, baita lan eskubideei buruzko aholkularitza eman ere. Horretarako, Urola Garaiko Emakumeen Etxeko Orientazio Zerbitzuaren laguntza dute.
Gainera, aholkularitza premia eta etxeko zaintzarako pertsonak kontratatzeko beharra duten familiei ere ematen die zerbitzua Uggasak. Enplegu poltsa bat dute bertan, eta lan baldintzak eta kontrataziorako behar den informazio guztia ere bai.