Zahartzaroa inkestara
Ataunen, zahartzaro eredu publiko-komunitarioan oinarritutako proiektua garatzen hasi dira. 55 urtetik gorako herritarrek betetzeko inkesta bat zabaldu du udalak, diagnosirako.
Ataunen zahartzaro eredu publiko-komunitarioan oinarritutako proiektu bat abiarazi du udalak, zahartzaro eredu berriaz herritarrekin hausnarketa egiteko. Aztiker aholkularitza etxeak gidatuta, azterketa prozesua hasi dute. Mahai bat osatu dute Ataungo hainbat eragilerekin; udalaren ordezkaria, gizarte langilea, liburutegiko arduraduna, erizaina, adinekoen elkartea, Biboletak talde feministaren ordezkaria eta Gazte Asanblada dira partaideak. Azterketa soziologiko bat egingo dute gaiaren inguruan, tartean inkesta bat 55 urtetik gorako ataundarrei.
Inkestan oinarrizko 19 galderari erantzun diezaiekete, eta proposamenak eman daitezke. Generoa, adina, lan-egoera zein duen, familiakoekin, lagunekin edo bizilagunekin zenbateko maiztasunez egoten den, etorkizunean zainketa beharko balu inguruan inor baduen, etxean zenbat lagun bizi diren, aktibitate maila, adinekoen zaintza zerbitzuen gaineko jakintza, zahartzaroaren imaginarioa, edota osasun egoerak eguneroko jardunean eragozpenik sortzen dion erantzun behar du herritarrak.
Inkesta betetzeko, etxera bidalitako galdetegia osatu, eta inprimakia udaletxean, Atseden Tokian eta mediku kontsultetan jarritako postontzietan sar daiteke. Interneten ere bete daiteke, edo telefonoz deituta. Inkesta soziologikoa betetzeko epea abenduaren 5etik 18ra mugatu dute.
«Helburua da gure herrian aurrerantzean sortu edo berritu behar ditugun politika eta zerbitzuak antzeman eta horiek martxan jartzeko bideaz gogoeta egitea herritarren artean», aurreratu du udalak.
Zergak berrituta
Beste alde batetik, Udalbatzak azaroko osoko bilkuran aho batez onartu zuen 2025erako ordenantza fiskala. Oro har, %2 igoko dira zerga eta tasa gehienak. Zabor bilketa tasa eta Ondasun Higiezinen Zerga gehiago igoko dira.