Tximista-San Joan bidegorrirako 450.000 euroko laguntza lortu du Ordiziako Udalak
Jasotako diru laguntzari esker, Bizkaia pasealekuko bidegorri zatia egingo da. Bi zubien artean dauden 540 metroko distantzia lotzerakoan, Ordiziako bidegorri sarea osatzen duten bi zatiak sare bakar eta jarraia osatuko dute, 4.532 metroko bidegorri sarea hain zuzen ere. Next Generation diru laguntza lortzeko udal gobernutik "esfortzu itzela" egin dela nabarmendu du Adur Ezenarro alkateak.
Ordiziako Udalak 449.600 euroko laguntza jaso du, bidegorri berriak eta bizikletentzako aparkalekuak egin eta mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzeko, Next Generation diru laguntza funtsaren bidez. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, deialdia lehiaketa bidezkoa izan zen, eta “Ordiziak aurkeztutako proiektuak eskatutako diru laguntza lortu du. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak bultzatu duen laguntza programa hau, 50.000 biztanletik beherako herriei dago zuzendua, eta Ordizia da, Euskal Herri mailan, laguntza hori lortu duen udalerri bakarra”. Honela, Ordiziak lortu duen Next Generation funtsako hirugarren diru laguntza lerroa da, aurretik turismoko lerroan ia 3 miloi (Oiangu, Delikatuz eta Gaztandegia) eta merkatuen lerroan beste miloi 1 (Plaza eta azokako osagarriak) lortu baititu dagoeneko Ordiziako Udalak.
18 hilabeteko epea
Tximista eta San Joan arteko bidegorria egiteko 18 hilabeteko epea izango dute lanek, “eta udalak dagoeneko eskura dauka lanak lizitatzeko beharreko den exekuzio proiektua. Lanen aurrekontu orokorra 500.000 euro ingurukoa izango da eta datorren urte hasieran esleitzea aurreikusten da”.
Jasotako diru laguntzari esker, Bizkaia pasealekuko bidegorri zatia egingo da, Tximistako zubitik, San Joan auzoraino, eta bi zubien artean dauden 540 metroko distantzia lotzerakoan, Ordiziako bidegorri sarea osatzen duten bi zatiak sare bakar eta jarraia osatuko dute, 4.532 metroko bidegorri sarea hain zuzen ere. Izan ere, Ezenarroren esanetan, “Ordiziako bidegorri sarearen etenak gainditzea eta jarraikortasuna lortzea helburu estrategikoa da, eta horrela jasota dago 2030 Ekintza Planean 15.3 ekintza bezala. Horregatik, buelta asko eman dizkiogu Tximista eta San Joan zubien arteko loturari”. Aitortu duenez, hasiera batean Buztuntzako Oria ibaiaren ibarretik doan pasealekutik egitea aurreikusten bazen ere, “auzoan egindako parte-hartze prozesuan bizilagunek pasealekuari ematen zioten balioa aintzat hartuta, eremua bere horretan auzoaren oinezko gune bezala mantentzea lehenetsi da. Horrela, beste ibarretik bidegorri lotura egin ote zitekeen aztertzen hasi ginen, eta ohartu ginen, askoz egokiagoa zela gainera”.
Udal gobernuaren “esfortzu itzela”
Lortutako Next diru laguntzen inguruan aipatu duenez, “udal gobernutik esfortzu itzela egin da diru laguntza hau lortzeko, edo irabazteko, ze azpimarratu nahi nuke, lehiaketa batean, alegia estatu osoko udalerrietako beste proiektu askorekin norgehiagokan irabazi dugula diru laguntza hau, aurkeztu dugun proiektuaren kalitateagatik. Ez digu inork ezer oparitu. Eta dagoeneko lortzen dugun hirugarren Next laguntzaz ari gara. Guztira 4,5 miloi euro lortu ditugu Ordiziarentzat, eta ez da kasualitatez izan”.