Derin Toparlak turkiarra eta Anais Verger frantziarra garaile Ordiziako Urpekoak sarian
Hamabost taldetako 240 igerilarik parte hartu dute, gaur egun osoan, Majoriko lehiaketan. Josu Goia ordiziarra bigarren sailkatu da.

Kirol maila altua eta kirolarien arteko giro bikaina izan ditu ikur gaur Ordizian jokatu den 12. Ordizia Urpekoak igeriketa txapelketak. Egun guztian zehar, 15 taldetako 240 igerilari lehiatu dira Majori kiroldegiko igerilekuan, antolakuntzak prestatutako proba desberdinetan.
Gizonezkoen mailan, Derin Toparlak turkiarrak (Bosphorus Seim) irabazi du, 2.034 puntu batuta. Bigarren postuan Josu Goia (Ordizia KE Urpekoak) geratu da, 1.890 punturekin, eta hirugarren Fernando Garrote (Morella), 1.767 punturekin.
Emakumezkoetan, Anais Verger frantziarra (CPB Rennes) gailendu da (1.889 puntu), eta ondoren sailkatu dira Irati Zufiaurre nafarra (CN Tafalla) 1.819 punturekin bigarren, eta Mireia Bayes bartzelonarra (CE Mediterrani) hirugarren, 1.801 punturekin.
Ordiziako Urpekoak 12. txapelketak iazko sabaia goratu du aurten, “maila iazkoa baino altuagoa” izan baita. “Alde batetik, sailkapeneko puntuazioak altuagoak izan dira, eta, bestetik, Espainiako Federazioan sartu ahal izateko egin beharreko gutxieneko denbora batzuk lortu dira”. Bi arlo horiek nabarmendu ditu antolakuntzak.
Bestalde, Majori kiroldegian “giro polita” sortu dela goraipatu dute.

12. Ordizia Urpekoak igeriketa txapelketako podiuma, gaur iluntzean.