Hitzaldia eta mahai ingurua, 25. Erlezain Egunaren iragarle
Martxel Aizpurua biologo eta erlezain ohiaren hitzaldia izango da asteazkenean eta erlezain ezberdinen arteko mahai ingurua ostegunean. Ohi bezala, Gipuzkoako Ezti lehiaketa izango da igandeko Erlezain Eguneko ekitaldi nagusia.
Erlezain Eguneko irudi bat, iaz Zegaman. Gipuzkoako Erlezain elkartea Erletik eratorritako produktuak ezagutzera eman eta erlezainek egiten duten lana balioan jartzeko helburuarekin ospatuko da igandean 25. Erlezain Eguna Zegaman. Aurretik, erlezaintzaren inguruko bi saio antolatu dituzte astean zehar.
Asteazkenean, Martxel Aizpurua biologo, hiztegigile, erlezale eta erlezain ohiak Euskal Herriko erlezaintza lehen eta orain izenburupean hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, gaztelekuan. Hurrengo egunean, martxoak 6 leku eta ordu berean antolatu dute erlezain desberdinen arteko solasaldia Mattin Jauregiren zuzendaritzapean. Arrate Iturbe, Ibai Ormaetxea, Jon Etxeberria eta Alfredo Gartziak hartuko dute mahai inguruan.
Erlezain eguna
Urtero bezala, Gipuzkoako ezti lehiaketa izango da igandeko ekitaldi nagusiena, aurten 25. urtez jokatuko dena. Epaimahaiak ezti onena aukeratu bitartean, Erlearen bila orientazio jolasean aritzeko aukera izango da Anduetza parketxean. Gainera, Rafa Gorrotxategik ere ez du hutsik egingo eta eztiz egindako haren txokolatinak dastatzeko eta txokolate tailerrean parte hartzeko aukera izango da.
Arratsaldean, Kasino elkarteak antolatutako bertso jaialdia izango da 18:00etan. Alaia Martin, Andoni Egaña, Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal, Aner Peritz, June Aiestaran eta Amaia Agirre arituko dira aurten bertsotan.













