Korrikalari gehiagorekin dator VIII. Leharrei Mendi Lasterketa
Goierri Kopa Traileko bosgarren proba puntuagarria izango da. Bi korrikaldi izango dira: luzea, 24 kilometrokoa, eta motza, 15 kilometrokoa. 275 korrikalari irtengo dira, inoizko kopuru handiena.

Gabirian larunbatean jokatuko da VIII. Leharrei Mendi Lasterketa, Goierri Kopa Traileko bosgarren proba puntuagarria. Bi korrikaldi izango dira: batetik, trail modalitateko luzea, 24 kilometrokoa eta 1.300 metroko desnibelduna; eta bestetik, esprint motako motza, 15 kilometrokoa eta 800 metroko desnibelduna.
Inoizko korrikalari kopuru handiena irtengo dela adierazi du Joseba Iztueta antolakuntzako kideak. Hasiera batean, 250 partaidetzako muga ezarri bazuten ere, korrikalarien eskaria handiegia zela eta, eskainitako dortsalen kopurua handitzea erabaki dute, 275 parte hartzaileetara handituta. Lasterketa luzean hasieran baino hamabost korrikalari gehiago espero dira, 165 denera, eta esprint motzean, berriz, 110, hasieran baino hamar gehiago. Gaineratu du, «itxaron zerrenda luzea» dutela oraindik ere, eta jende askok ezingo duela parte hartu.
Iztuetaren hitzetan, azken urteetan lasterketak «bilakaera ona» izan du, eta jendeak lasterketa gogoko duela dirudi. Haren ustez, arrakasta horren atzean hainbat faktore daude: «Lasterketa oso polita da, boluntario askoren lana dauka, herrikoa da, eta giro aparta sortzen da».
Iazko osagai berak
Iaztik hona, aldaketa handirik egon ez dela nabarmendu du; ibilbidea aurreko edizioen berdina da, eta ohiko lasterketez gain, 16 urtetik beherakoentzako umeen proba ere izango da. Irteeren orduak berdin mantendu dituzte: Leharrei luzekoak 09:30ean abiatuko dira Gabiriatik, eta motzekoak 10:00etan. Aurrenekoek Murgil, Trapalata, Aizaleku, Otañu eta Learregi igo beharko dituzte, eta motzekoek Murgil, Aizaleku eta Learregi. Osagai horiek guztiek, haren iritziz, «lasterketaren arrakasta» bermatzen dute.
Gozatzeko eguna
Bertaratzen den orok disfrutatzea nahi du antolakuntzak; ez bakarrik lasterkariek, baita lasterketa ikustera doazenek eta aurretik zein egunean bertan lanean jardungo diren boluntarioek ere. Iztuetaren iritziz, boluntarioen lana «funtsezkoa» da: «Ezinbestekoa da boluntarioak zaintzea eta denon artean harmonia polita sortzea».
Aurten, gainera, eguraldi ona espero da, eta ibilbidea lehor dagoela azaldu du: «Lasterketa gozatzeko baldintzak ezin hobeak dira». Gogoratu du aurreko edizioetan eguraldiak maiz «zailtasunak» ekarri dizkiela, «igoeretan egoera desatseginak» sortuta. Aurtengoan baina, larunbaterako aurreikusten denarekin, «esperientzia atsegina bezain gogoangarria» izango dela ziurtatu du.
Giroa berotzeko, hitzaldia
Astebururako giroa berotzen joateko, gainera, Goierriko gertuko kirolarien inguruko mahai-ingurua antolatu zuten atzo arratsaldean. Gabiriako Erbie elkartean elkartu ziren eta goi mailako kirolak eskatzen duen sakrifizioa eta horretarako dituzten laguntzen inguruan jardun ziren, horretan adituak diren hizlariak gonbidatuta. Hizketan, Ane Etxezarreta Realeko jolakari beasaindarra, Mayi Mujika mendi lasterkari legazpiarra, Kepa Ormazabal txirrindulari gabiriarra eta Gari Garmendia harri-jasotzaile idiazabaldarra aritu ziren.