Udako jardueretan begirale gisa aritzeko deialdia, zabalik
Apirilak 11 izango da udako jardueretan begirale gisa izena emateko azken eguna, eta apirilaren 12an izango da hautaketa proba. Haurrek ekintzetan izen emateko ordainketa sistema aldatuko da.

Zaldibiako Udalak udako jardueretarako begiraleak kontratatzeari ekin dio, eta begirale titulua duten gazte interesdunek zabalik dute dagoeneko izena emateko epea; apirilaren 11 izango da azken eguna eta hurrengo egunean izango da hautaketa proba, goizeko 10:00etan hasita. Interesdunek kultur etxean entregatu beharko dute CVa.
Ekainaren 30etik uztailaren 24ra burutuko dira haurrentzako jarduerak: 2 urtetik 12 urtera bitartekoek astelehenetik ostiralera izango dituzte ekintzak, goizeko 10:00etatik 13:00etara bitarte.
Horietan parte hartzeko, 90 euro ordaindu beharko dira eta eskolan banatuko zaien izen-emate orria beteta eraman beharko dute Kultur Etxera; bestetik, DBH1-2-3ko gaztetxoenentzat eskaintza berezia izango da aurtengoan eta zenbait irteera egingo dituzte. Parte hartzeko, 110 euroko matrikula ordaindu beharko dute, eta interesa duten gaztetxoen familiekin bilera bat egingo da ekainean.
Ordainketan aldaketa
Orain arte, izena ematerakoan ordaintzen zen matrikula, baina udalak azaldu du aurten ez dela hala izango: «Izena ematerakoan, kontu zenbakia zehaztu beharko dute gurasoek, eta ekainean helbideratuko da kobrantza orokorra; hobariak edota kasu bereziak aztertuko dira, eta kobrantza egin aurretik jakinaraziko zaio familia bakoitzari zenbateko kuota ordaindu behar duen».