Garena jatetxeko sukaldariek ebakiko dute Idiazabal gazta berria
Apirilaren 23an egingo da urteko Ordiziako lehen azoka berezia, Artzain Eguna. Erregulartasunaren sariak Idiazabalgo Goiburu eta Egozkueko Loperena gaztandegiek jasoko dituzte. ETB2ko 'Vascos por el mundo' saioari omenaldia egingo dio Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak.

Apirilaren 23an, asteazkena, egingo da urteko Ordiziako lehen azoka berezia, Ordiziako Udalak, ELE Gipuzkoa ardi-latxa elkarteak, Lurgintzak, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak elkarrekin antolatuta: Artzain Eguna izango da. Ohi bezala, transhumantzia irudikatu eta artzainen lana balioan jartzeko helburuarekin, 11:00ak aldera, bost artaldeetan banatuta, 1.500 ardik igaroko dute herrigunea.
Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena ere egingo dute Udaletxeko Batzar Aretoan. Aurten, gazta berria ebakitzeko ohorea izango dutenak, Dimako (Bizkaia) Garena jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita izango dira.
Erregulartasunaren sariak eta omenaldia
Udaletxeko ekitaldian Idiazabal gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatuko dizkiete, artzain gaztaren kategorian Nafarroako Egozkueko Marta Perez Loperena artzainari, eta gaztandegien kategorian Idiazabalgo Goiburu gaztandegiari.
Bestalde, Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileak ETB2ko Vascos por el Mundo programa omenduko du.
Egitaraua
Goiz osoko egitaraua antolatu dute Artzain Egunerako. Asteazkeneroko azokako postuez gain, gazta salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere izango dira. Trikitilariek eta dultzaina jotzaileek alaituko dute herria.
- 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa Garagartza plazan.
- 10:00-14:00. Nikolas Lekuona plazan, haurrentzat ‘Artzainen herri kirolak’ jolasak. Ingurune horretan Artzain Gazta Elkarteko artzain eta Idiazabal Gazta ekoizleen salmenta postuak kokatuko dira.
- 11:00. Artaldeak igaroko dira gune Historikoan barrena.
- 11:15. Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, Udaletxeko Batzar aretoan.
- 11:30. Mamia egitearen erakustaldia Garagartza plazan.
- 11:30. Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dastatzea, Garagartza plazan, ASPANOGIren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearen, alde.
- 12:15. Ile-mozte erakustaldia, Garagartza Plazan.
Ahari eta bildots erakusketa-lehiaketak
Aurten, Garagartza plazan, 09:00etan hasita, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egingo da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsua, bai kalitatez eta baita kopuruz ere.
Bi motako animaliak izango dira erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.