Ordiziako alkatearen aurkako mezu homofoboak
Adur Ezenarrok sare sozialen bidez jakinarazi du bere etxera bidean dagoen bidegorrian pintaketak egin dituztela. Ordiziako koordinadora feministak irmoki salatu du.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Instagram bidez jakinarazi duenez, bere etxerako bidean dagoen bidegorrian hainbat mezu homofobo agertu dira lurrean ‘Ecenarro loco marica’ idatzita.
Ezenarroren esanetan, “norbaitek uste badu nire etxerako ibilbidean dagoen bidegorrian egin duen pintada honekin irain nazakeela, gixajo hutsa eta ezjakina da, guztiz. Marikoi, marika, bujarra, maritxu, atzelari edo nahi bestelako termino erabilita, naizena izatearen ohorea eta harrotasuna baino ez didazulako berresten. Eta jakin dezazun, ez naiz Ecenarro, Ezenarro baizik, eta izatekotan, ez nintzateke loco, loca baino, ea ikasten goazen!”.
View this post on Instagram
Ordiziako koordinadora feministaren salaketa
Ordiziako koordinadora feministak irmoki salatu du gertatutakoa: “Aurreko egunotan Ordiziako kalean azaldutako idatzizko eraso-mezuen aurrean, lehenik eta behin, erasotuari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahiko genizkioke. Honekin batera, erasoa irmoki gaitzetsi nahi dugu. Kezkatzen gaituzte, oraindik ere, hetero-arauarekin hausten dugunok irain moduan pairatzen ditugun erasoak; gizarte bezala lantzeko ditugun erronken erakusgarri. Mugimendu feministatik, baita ere, eraso homofobo, matxista eta LGTBIQfobiko hauen aurka borrokan jarraituko dugu, gizarte feminista eta justuago baten alde”.