Haurrentzako Udaleku Irekietarako izena ematea zabalduko dute datorren astean
Zegamako Udala haur eta gazteentzako udako zerbitzuak antolatzen ari da. Udaleku Irekietan izena emateko epea maiatzaren 5etik 9ra egongo da irekita.

Zegamako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen ekimenak eta parte hartzea sustatzeko zerbitzutik, Udaleku Irekiak antolatuko dituzte ekainaren 23tik uztailaren 30era. Udalekuak astelehenetik ostiralera izango dira eta ordutegiari dagokionean bi aukera egongo dira: 09:00etatik 13:00etara edo 10:00etatik 13:00etara. 2014 eta 2021 urte bitartetan jaiotako haurrei zuzenduta egongo dira. Matrikulari dagokionean, lau ordutarako izena ematen duenak 85€ ordaindu beharko ditu eta hiru ordutarako berriz 75€.
Bestalde, haurrentzako zerbitzuaren barnean, Udako Haur Txokoa ere antolatuko dute 2022an jaiotako haurrentzat. Zerbitzua ekainaren 23tik uztailaren 30era eskainiko da goizeko 09:00tatik 13:00etara. Haur bakoitzeko ordaindu behar dena izena ematen duten haur kopuruaren arabera kalkulatuko da.
Izen ematea datorren astean
Informazio gehiago liburutegian egongo da eskuragarri ohiko ordutegian. Eskaintza batean zein bestean izena emateko epea maiatzaren 5etik maiatzaren 9ra egongo da irekita. Interesa dutenek, liburutegian eman beharko dute izena aipatutako egunetan, 15:30etatik 18:30etara. Epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.
Bestalde, nerabeentzako ere eskaintza plazaratuko du Zegamako Udalak uda garairako. Maiatzean zehar nerabeekin batera adostuko da gaztelekuan udako ekintzen programazioa. Ekintza hauek 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta egongo dira eta ekainean eta uztailean zehar burutuko dira.