Greba deialdien aurrean, gurasoekin bilera egingo dute Ezkion asteazkenean

Ezkio-Itsasoko herri eskolako irakasleek bat egin dute euskal sindikatuen gehiengoak datorren asterako egin duen bost eguneko greba deialdiarekin. Egoeraren aurrean, Ezkio-Itsasoko hezkuntza komunitatea ere mobilizatu nahi dute eta horretarako bilera batera deitu dituzte eskolako gurasoak bihar, 16:30ean.
Bileran sindikatu bateko ordezkariak aldarrikapenen inguruko azalpenak emango dizkie, hasteko. Helburua komunitateko gurasoek ere irakasleen aldarrikapenetan inplikatzea dela esan dute eskolatik. Areago, hezkuntza sistema guztiona dela adierazi dute: «Irakasleen baldintza prekarioek zuzenean eragiten diete ikasleei», diote. Orain arteko manifestazioak eta deialdiak «nahikoa ez» direla eta lan talde bat osatuko dute eskolatik bertatik aldarrikapen bide berriak zehazteko.