Sanjoanetako dantzak ikasteko ikastaroak, bihartik, Ormaiztegin
Sorgin dantza eta San Joanetako beste dantza batzuk irakatsiko dituzte bihartik, Karramarron.

Sanjoanetarako oraindik hilabete pasatxo geratzen den arren, Ormaiztegin bihar hasiko dira San Joan bezperako ospakizunetarako prestatzen.
LH 1., 2., 3. eta 4. mailetako haurrei zuzenduta Sorgin dantza ikasteko saioak hasiko dituzte bihar, ostirala 18:30etik 19:15era Karramarro aretoan. San Joan bezpera bitarte, ostiralero elkartuko dira dantza ikastera.
Era berean, San Joanetako dantzak ikasteko aukera ere izango dute adinez nagusi diren herritar guztiek, baita LH 5. eta 6. milako eta DBHko ikasleek ere. Bihartik aurrera ostiralero izango dute horretarako aukera, Karramarron 19:15etik 20:00etara.
Azken kolektibo honi ere deia egin diete Sanjoanetako kontalari-margolari lan taldean parte hartzeko. Interesa dutenekin maiatzaren 21ean, asteazkena, udaletxean egingo dute hitzordua 19:30ean.
Amaitzeko, dantza ikastaroetan nahiz egindako beste deialdietarako izenik eman ez, San Joan bezperako ospakizunetan aktiboki parte hartzeko deia luzatu diete udaletik ormaiztegiar guztiei.