Irene Paredesek 2027ra arte luzatu du kontratua Barçarekin
Legazpiarrak 2021etik jokatzen du Bartzelonako futbol taldean, eta "oso pozik" dago berritzearekin.

Irene Paredes futbol jokalariak 2027ra arte luzatu du Barcelona taldearekin duen kontratua. Legazpiarrak 33 urte ditu, eta atzelaria da taldean. Barçarekin lau denboraldi egin ditu dagoeneko, 2021eko udan Paris Saint Germainetik iritsi zenetik, eta amaitzen ari den honetan 37 partida jokatu ditu, eta bost gol sartu ditu. Uda aurretik bi hitzordu garrantzitsu ditu taldearekin, bata, larunbat honetan bertan Arsenalen aurka jokatuko duen Champions Leageko finala, eta bestea, ekainaren 7an Athletico Madrilen aurka jokatuko duen Erreginaren Kopako finala.
Paredes “oso pozik” dago kontratua luzatzearekin. “Nire helburua jarraitzea zen, oraindik indartsu nagoelako eta zer eman badudalako. Munduko talderik onenean eta jokalari onenekin jokatzea egunduko motibazioa da niretzat, eta egunero hobetzen jarraituko dut, zelaian ikusi dadin emaitza”, adierazi zuen komunikabideen aurrean, kontratuaren luzapena sinatu berritan.