Partaidetza marka hautsiko du Zaldibiako Mendi Lasterketak
Ibilbide luzea, 28 kilometrokoa, eta motza, 15 kilometrokoa, izango dira. Inoizko partaidetza markarik altuena izango du seigarren edizioak, 400 korrikalarirekin. 378 euskaldun eta 22 kanpotar izango dira lehian. Horietatik %15 emakumeak dira.

Bihar jokatuko da Zaldibiako VI. Mendi Lasterketa. Partaidetza marka hautsiko du aurten. Bi ibilbide izango ditu, Gaztelun eta Aralarreko Parke Naturaleko gainetan zehar: lasterketa luzea 28 kilometro eta 1.950 metroko desnibelarekin; eta, nabarmen laburragoa dena, 15 kilometro eta 1.000 metroko desnibelarekin. 09:00etan hasiko da karrera luzea, eta 09:30ean motza. Goierri Koparako puntuagarriak izango dira biak.
Eskainitako dortsal kopurua inoizko handiena izan da. Dena salduta dago eta itxita inskripzioa. Inoizko partaidetza markarik altuena izango du, parte hartuko duten 400 korrikalarirekin. Proba bakoitzean 200 partaide izango dira, eta denera, 378 euskal herritar izango dira lehian. Beste 22 korrikalariak, kanpotik etorriko dira. Generoari dagokionez, partaidetza guztitik %15 dira emakumeak. Korrikalariek dortsalak herri antzokian eskuratu ditzakete gaur arratsaldean 18:30etik 20:00etara bitartean. Baina bihar goizean ere banatuko dituzte, 07:00etatik 08:30era.
Zegamaren oihartzuna
Antolakuntzako kidea den Ibai Belokik azaldu du herriko mendi lasterketa Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren bezperan egiteak, onurak dakarzkiola lasterketari, izan ere, mendi maratoi ospetsuaren grabitate-erakarmenak eragina izaten du Zaldibian ere, bai ikusle aldetik, zein korrikalari aldetik: «Aukera hori aprobetxatu dugu, bai dataren aukeraketan eta baita sare sozialen zabalkundean ere. Zegamaren inguruko plataformetan gure lasterketaren informazioa ere zabaldu dugu, jende gehiagorengana iritsi dadin». Horrek guztiak fruituak eman ditu, eta garbi dago emaitza: partaidetza marka.
Berritasunak, bukaeran
Ohi bezala, bazkaltzeko paella erraldoia prestatuko dute, boluntarioentzat eta korrikalarientzat. Boluntarioak aurtengoan ere laguntzeko prest agertu dira, eta antolakuntzatik esker ona eman nahi izan diete. Aurtengoan, baina, bada berritasun bat bazkalosteko giro ederrari gehituko zaiona: herriko kaleetan zehar festak jarraituko du, musikaz girotuta. Beraz, bertaratzen den orok, izango du gerora ere egunaz nola gozatu.
Nahiz eta goizean zehar eguraldi makur samarra aurreikusita dagoen, egunean zeharrerako eguraldi iragarpenak onak dira, oraingoz behintzat. Eta antolakuntzak ere giro aparta espero du lasterketa egunerako, baita gozatzea eta lasterketan zehar inork minik ez hartzea ere.
Trafikoan mozketak
Zirkulazioan mozketak izango dira. Santa Fe, Artxanberri eta Arruegi hasiera itxiko dute ibilgailuentzat 08:45etik 09:45era; Egileor auzora sarbidea soilik bizilagunek izango dute, 09:00etatik 15:00etara; eta plaza eremua ere itxita egongo da ibilgailuentzat 08:00etatik 15:00etara. Tarte horretan autobusak Arreseneko geltokira iritsi eta bertatik aterako dira.