Ametsa lortzetik geroz eta gertuago dago Beasain
Leioaren aurkako bi partidak irabazi eta gero, Portugalete izango dute aurkari asteburuan. Harmaila betetzeko deia egin du klubak. Argazki galeria albistean.

Leioaren aurkako kanporaketan Beasainek kolpe bat eman zuen mahai gainean eta futboleko Bigarren Federazio mailara igotzeko play offetako hurrengo kanporaketarako txartela ziurtatu zuen asteburuan garaipen sendo batekin (1-3) Sarrienan, multzoko zelai zailenetako batean. 4-1eko emaitza globalarekin, Mikel Arruabarrenaren taldeak bere sendotasuna eta erasorako eraginkortasuna inposatu zituen, bigarren mailara jauzia amesten jarraitzeko.
Kanporaketa ondo hasi zen Loinatz zelaian. Joaneko partidan, Beasainek 1-0 irabazi zuen Bengoetxearen gol bati esker eta defentsan oso serio jokatuz. Emaitza horrek, laburra izan arren, konfiantza eman zion itzulirako partidarako. Izan ere. beasaindarrak indartsu atera ziren zelaira, eta minutu gutxian Bengoetxeak gola egin zuen, abantaila jarriz. Segituan iritsi zen aurkariaren gola, berdinketa lortuz. Baina atsedenera joan aurretik Zubillagak 1-2koa egin zuen. Bigarren zatian, deskontuko denboran sarturik, Lizasok beasaindarrentzako 1-3koa egin zuen.
Hurrengo partida
Garaipen honekin, Beasainek aurrera jarraitzen du playoffetan, eta hurrengo kanporaketako joaneko partida Loinazen jokatuko da, larunbatean, 18:30etik aurrera, Portugaleteren aurka.
Beasain KE klubak herriko taldea animatzeko Loinatz zelaiko harmaila betetzeko deia egin die zaletuei. Bazkide bakoitzak gonbidatu bat eraman ahalko du estadiora.
Jarraian, Leioaren aurkako itzulerako partidako argazki sorta:
Argazkiak: Martxel Pita