Bele Gazte gaztelekuko udako ekintzetan parte hartzeko izen ematea irekiko dute
Ekainaren 23tik uztailaren 29ra bitarteko programazioa antolatu dute aurten. Izen ematea bihartik ekainaren 6ra egongo da irekita. Gaur arratsaldean izen emate orriak jasotzeko aukera izango da gaztelekuan.

Uda garairako hainbat ekintza antolatu dituzte aurten ere Zegamako Bele Gazte gaztelekuan. Egitarau oparoa prestatu dute elkarlanean ekainaren 23tik uztailaren 29ra. Abuztuan gaztelekua itxita egongo da.
Ekintzak 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta daude. Ekintzetan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharra dago. Izen ematea bihartik ekainaren 6ra bitartean egongo da irekita. Aurretik, gaur ostirala, izen emate orriak jasotzeko aukera egongo da gaztelekuan 17:00etatik 20:00etara. Ondoren, izen emate orria beteta entregatu beharko da aipatutako datetan.
Elkarlanean adostuta
Gaztelekuko hezitzaileek eta erabiltzaileek elkarlanean adostu dute udako programazioa, eta “beraien nahiak eta iritziak kontutan hartuta sei asteko proposamen erakargarria” osatu dute.
Lehendabiziko ekintza Hi selfie “arrakastatsua” izango da ekainaren 24an. Ekainaren 25 eta 26an, “udaleku digitalak” antolatu dituzte, Cibervoluntarios fundazioarekin elkarlanean. Uztailaren 1ean yoga saioa egingo dute aire librean. Hurrengo bi ekintzak, Segurako gaztelekukoekin batera burutuko dituzte: uztailaren 3an, Zegamako kaleetan zehar ginkana egingo dute bi herrietako gazteek. Uztailaren 9an, Segurara joango dira zegamarrak eta han, elkarrekin, herri kirol saioa egingo dute.
Bi egun Sobrongo parkera
Uztailaren 10ean, Urbiara egun osorako mendi irteera antolatu dute.
Gainera, urtero bezala, aurten ere bi egunetako txangoa ere antolatu dute Sobrongo (Araba) abentura parkera. Izkiko parke naturalean ibilaldia, bertako parketxera bisita eta Maeztuko igerilekuetan ibiliko dira uztailaren 16an eta 17an.
Uztailaren 22an eta 23an, “Frai Bartolomeren misterioa” eskape jolasa argitu beharko dute Zegamako Anduetza parketxean eta uztailaren 24an, bazkari mexikarra antolatuko dute gaztelekuan bertan.
Azkenik, kurtsoari amaiera emateko, uztailaren 29an Murgizelai parkean afaria egingo dute eta egun honetan bertan, ikasturteko balorazioa eta bingo jolasa egingo dituzte.