2,7 milioi euro Ezkio eta Itsaso arteko trenbide sarea egonkortzeko
Adifek jakitera eman duenez, lanak lizitaziora atera ditu 2,7 milioi eurotan. Tarte horretan trenbide azpiegitura egonkortzea eta eguraldiaren eraginez sortutako kalteak gutxitzea dira lanen helburuak.

Ezkio eta Itsaso arteko trenbidearen plataforma eusteko eta sendotzeko, 2,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Adif-ek, prentsa ohar bidez jakitera eman duenez. Jarduketak 568/374 eta 568/634 kilometroen artean gauzatuko dituzte zirkulazioa arinduz eta ondorioz, gaur egun eremu horretan indarren dagoen abiadura muga kenduko da.
Euriteek eragindako luiziek hainbat kalte eragin ditu Ezkio eta Itsaso arteko trenbide sarean. Kalteak konpontzeko pilote-pantaila bat jarriko dute lubetari ainguratuta, lurrazala egonkorragoa eta iraunkorragoa egiteko.
Bestalde, segurtasun eta komunikazio instalakuntzan kanal berriak jarriko dituzte eta elektrifikaziorako lau zutoin berri ere instalatuko dituzte 1 bidean. Lanak aprobetxatuz, zuntz optikoa berrituko da 4 kilometrotan.
Inbertsio honekin eguraldiak eragindako kalteak saihestu nahi dira, edo minimizatu behintzat. Trenbide sarea ere egonkortu egingo dutenez, azpiegitura seguruagoa izango da eta zirkulazio arinduko da. Lan hauek azpiegitura jasangarriak, fidagarriak eta kalitatezkoak sustatzeko helburu duen Garapen jasangarria helburu planaren barruan kokatu ditu Adifek.