Sentipen «gazi-gozoa» sortu du konpentsazio funtsak Asviamien

Amiantoaren biktimak eta haien senideak urteak daramatzate justizia eta errekonozimendua eskatzen. Lege hau aurrerapauso gisa hartu arren, Asviamiek gogorarazi du oraindik urrats garrantzitsuak falta direla kalte-ordain sistema justu eta unibertsala lortzeko. Jon Garcia Asviamieko bozeramaileak esan duenez, borrokaren helburuetako bat betetzen den arren, sentimendua «gazi-gozoa» da, kalte-ordainak «baxuak» direlako eta «kaltetuetako askok epaitegietan zeharkaldi luze bat egin beharko dutelako konpentsazio handiagoa lortzeko».
Elkartearen arabera, legearen helburua da auzi judizial luzeak saihestea, baina praktikan ez da bermatzen kalte-ordainen zenbatekoa aurrez epaitegietan lortutakoen parekoa izatea. Gainera, Asviamiek salatu du amiantoaren biktimentzako kalte-ordain funtsa onartu badute ere, ez direla biktima guztiak berdin tratatuko. Elkarteak kritikatu du zenbait biktima kanpoan geratzen direla –batez ere 3. artikuluko b eta c ataletan jasotakoak–, eta horien ordainak hurrengo aurrekontuen zain geratuko direla.
Asbestosi kasuei dagokienez, salatu dute legeak soilik «eragin funtzional moderatua edo larria» dutenen eskubidea aitortzen duela, nahiz eta Gizarte Segurantzak ez dituen horrelako bereizketak egiten.
Asviamiek eta sindikatuek kalte-ordainen fiskalitatea eta berdintasuna eskatu dute, baina haien alegazio guztiak ez dira legean jasota geratu.