Zazpi proposamen berrirekin dator Igartza Musika Zikloa
Uztailaren 3an emango diote hasiera, Eneko Dieguez Quartet jazz taldearekin.

Gaur goizean aurkeztu dute 2025eko bigarren seihileko Igartza Musika zikloa, Beasaingo Igartza jauregian, Garazi Zabaleta eta Xabier Zeberio zikloaren arduradunek eman dituzte egitarauren inguruko xehetasunak, eta Leire Artola alkateak lagundu die. 10. edizioa izango da aurtengoa bigarren ekinaldia uztailaren 3an hasiko da, emango diote hasiera, Eneko Dieguez Quartet jazz taldearekin. Urte amaierara arte zazpi proposamen aurkeztu dituzte; bi Igartza jauregian izango dira,beste bi Erauskin plazan, eta Loinazko San Martin basilikan, Andre Mari Zeruratuaren parrokian eta Usurbe antzokian emanaldi bana egingo dira.
Leire Artola alkateak azaldu duenez, “musika ziklo bat baino gehiago da honako hau; musikak elkartu, hunkitu eta konektatzen gaituen espazio bat da”. Urtez urte antolatu dituzten edizio desberdinetatik pasa diren musikari eta artistak “kultura eta kalitatezko musikarekin dugun konpromisoa berresten” dutela nabarmendu du Beasaingo alkateak.
Zikloaren ardatzetako bat den Igartza Musika Sariak, aurreko urteetako ezaugarri berdinekin ospatuko da. Bertan, Musikeneko gazte talentudunek parte hartuko dute, non bi kategoria desberdinetan diru-sariak banatuko diren. Beka honen helburua da, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan.
Aurtengo programazioa ixteko, ekitaldi berezi bat antolatu dute, non herriko talde desberdinek parte hartuko duten, eta Andre Mari Zeruratuaren parrokiako horma-irudi errenazentista eraberritu osteko inaugurazioa egiteko baliatuko dute. Abenduaren 14an izango da, eta Loinatz abesbatzak, Naramak, harizko orkestrak eta Aurtzaka dantza taldeak parte hartuko dute.
EGITARAUA:
- Uztailak 3: Eneko Dieguez Quartet, Erauskin plazan, 20:00etan.
- Abuztuak 3: Aldapeko Latin Jazz, Erauskin plazan, 20:00etan.
- Irailak 26: Bilaka dantza kolektiboa, Bezperan emanaldiarekin. Usurbe Antzokian izango da, 20:30ean.
- Urriak 5: Olaia Inziarte akustikoan. Igartzako jauregian izango da, 19:00etan.
- Urriak 21: Kamer Youth Choir (Tolosako Abesbatzen Zirkuitua). Loinazko San Martin Basilikan, 20:00etan.
- Azaroak 29: Igartza Musika Beka Saria, Igartzako jauregian, egun guztian zehar.
- Abenduak 14: Loinatz abesbatza, Narama, harizko orkestra eta Aurtzaka dantza taldea, Andre Mari Zeruratuaren parrokian, 19:00etan.