Berrehun herritarren inplikazioa
Jendetsua izan da oso Kilometroak jaiaren aurreneko prestakuntza bilera. 2026ko urriaren 4an ospatuko da, Lazkaon. Dagoeneko ezarri dituzte aurreneko helburuak.

Lazkao izango da 2026ko Kilometroak jaiaren anfitrioia, eta datorren urrian ospatuko den Elgoibarko Kilometroak 2025 jaian hartuko du lekukoa. 2026ko urriaren 4an ospatuko da ikastolen aldeko festa handia, 1977an lehen aldiz egin zen leku berean. Hurrengo urteko ekitaldiak urteurren borobila ospatuko du: Kilometroak jaiaren 50. edizioa izango da, eta sortu zen eszenatokira itzuliko da, ekimenaren jatorria eta egungo errealitatea uztartzeko helburuarekin, betiere egungo premietara egokituta.
Ion Martinez ikastolako zuzendariak azpimarratu du «pozgarria» dela 50 urteren ondoren Gipuzkoako ikastolen jaia berriz ere Lazkaora eramatea: «Ikastolako proiektuak sendo jarraitzen duela erakusten du, eta ekimen hau giltzarri izango dela aurrera begira proiektua indartzen jarraitzeko».
Hiru helburu nagusi
Lazkaotarrak dagoeneko hasi dituzte egun horretara begirako antolakuntza eta prestaketa lanak; antolatzaileek aurreneko bilera orokorra egin dute, helburuak zehaztu eta norabide estrategikoak adosten hasteko. San Benito Ikastolan egin zuten topaketa, eta ia 200 herritar elkartu ziren. Antolatzaileak pozik daude aurreneko erantzunarekin, eta herri osoaren inplikazioa «funtsezkoa» izango dela nabarmendu dute.
«Aukera paregabea da herri guztiaren parte hartzearen bidez ikastolari elkartasuna erakutsi eta aldi berean ikastolaren proiektua herrira zabaltzeko»
Irantzu Amundarain. Lazkaoko ikastolako lehendakaria
Hiru helburu nagusi finkatu dituzte, ekimenarekin lortzea aurreikusten dituztenak. Batetik, Lazkaoko hezkuntza komunitate osoaren atxikimendua sendotzea. Bestetik, 1977ko aurreneko edizioaren espirituari eustea, eta, azkenik, jaialdian bilduko den dirua San Benito Ikastolako Lehen Hezkuntzako eraikinerako bideratzea, «proiektu pedagogikoaren jarraipena bermatzeko».
Irantzu Amundarain Lazkaoko ikastolako lehendakariak ziurtatu du baliogarria izango dela ikastolarentzat: «Aukera paregabea da herri guztiaren parte hartzearen bidez ikastolari elkartasuna erakutsi eta aldi berean ikastolaren proiektua herrira zabaltzeko».
50 urteko ibilbidea
1977an ospatu zen Kilometroak jaiaren lehen edizioa Beasain eta Lazkao artean, Goierriko ikastolei bultzada emateko helburuarekin. Orduan, euskal kulturaren hainbat erreferentek parte hartu zuten, hala nola Jose Migel Barandiaran antropologoak. Hain zuzen ere, haren gisako sustatzaileek oinarritu zuten gaur arte heldu den tradizioa.
2026koa, hortaz, ez da edizio arrunta izango: urteurren borobilak eta jaiaren jatorrizko kokalekuak edizio hunkigarria izatea ahalbidetuko dute. Herria, ikastola eta komunitatea bat eginik arituko dira, 50 urteko bideari jarraipena emanez eta etorkizunari begira jarrita.