Boxeo jaialdia egingo dute Antzizar kiroldegian ekainaren 28an
Hamar borrokaldi izango dira, bat ez beste denak amateur mailakoak. Garazi Aranburu beasaindarrak debuta egingo du.

EuskoBox-ek boxeo jaialdia antolatu du ekainaren 28an Antzizar Kiroldegian. Hamar borrokaldi izango dira, bat ez beste denak amateur mailakoak. Borrokalari gehienak gipuzkoarrak izango dira eta tartean izango da Garazi Aranburu beasaindarra. Aranbururen debuta izango da, eta Ane Barrantes izango du aurrez aurre, 60kg-ko eremuan. Aranburuk 25 urte ditu eta medikua da. Antolakuntzaren esanetan, «aukera paregabea izango da eurentzat urduritasuna kendu eta borrokaldiaz gozatzeko, maila handia erakutsi baitute biek orain arte».
Gehienak amateur mailako borrokaldiak izango badira ere, borroka nagusia kategoria neo-profesional mailako izango da, hau da, hiru minutuko lau asalto (besteak hiru asaltokoak izango dira). Bi aldiz Euskadiko irabazlea izandako Erlantz Tejadak bere azken borrokaldi ez-profesionala jokatuko du, Ordiziako Boxeo Jaialdian profesional mailan debutatu aurretik. Andoni Artoren aurka borrokatuko du Tejadak.
Israel Echeverria borrokalari ordiziarra ere bertan izango da, Jesus Jimenez donostiarraren aurka borrokatuko duena.
Euskadin 75kg-an bi aldiz irabazle izandako Ayoub El Mzlazi eta Robell Batista borrokalariek ere parte hartuko dute.