‘Gure Ondarea’ erakusketaren edizio berri bat ikusgai, Zumalakarregin

Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak eta San Andres herri eskolaren arteko lankidetzak eman ditu bere fruituak beste urte batez. Ondarea proiektuaren baitan, LH 5. mailako ikasleek osatu duten Gure Ondarea erakusketa inauguratu zuten pasa den astean herriko museoan. Erakusketa ekainaren 26ra arte ikusgai egongo da Zumalakarregi museoan, ohiko ordutegian.
Urtero bezala, ikasleek objektu kuttun bat aukeratu behar izan dute ondarearen sinbolo gisa. Ondoren, erakusketa bat zer den eta nola antolatzen den ikasteko aukera ere izan dute, besteak beste, Gordailua —Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen zentroa— ere bisitatuz. Inaugurazio ekitaldia ekainaren 12an izan zen, parte hartu duten haurren senitartekoen parte hartzearekin. Hala, haurrek euren senideei erakusketaren nondik norakoak azaltzeko aukera izan zuten bertatik bertara.