Idiazabalen hasi eta Seguran amaituko da junior mailako Gipuzkoako 35. Itzulia
Erlojupeko prologoa jokatuko da bihar arratsaldean Idiazabalen. Ondoren, beste hiru etapa izango ditu lasterketak, Mendaron, Andoainen eta Seguran jokatuko direnak.

Idiazabalen emango dio hasiera gaur arratsaldean Junior mailako Gipuzkoako Itzuliaren 35. edizioak. Gaurko prologoaren ondotik, hiru etapatan banatuta jokatuko da Itzulia Mendaro eta Andoaindik pasa eta gero, astelehenean Seguran amaitzeko. Junior mailako txirrindulari onenak biltzen ditu urtero Gipuzkoako Itzuliak, bertakoak eta baita kanpotik etorritakoak ere. Haimar Zubeldia, Markel Irizar, Gorka Izagirre edo Igor Arrieta puntako txirrindulariek osatzen dute Itzuliaren palmaresa, besteak beste.
Guztira 175 txirrindularik hartuko dute parte aurtengo lasterketan, 31 taldetan banatuta. Horietatik 14 Gipuzkoakoak dira —AMPO-Goierriko TB eta Bellota-Goierri K.E., goierritarrak tartean—, hiruna talde Nafarroa, Bizkaia eta Arabakoak, bi Herrialde Katalanetakoak, hiru Espainiakoak eta beste hiru Frantziatik.
Hasiera Idiazabalen
Itzulia 17:15ean abiatuko da gaur Idiazabalgo prologoarekin, 2,1 kilometroko erlojupekoan. Proba «motza baina estua» izango dela aurreratu dute Gipuzkoako txirrindularitza federaziotik, «txirrindularien arteko lehendabiziko aldeak» ezarriko dituena. Taldeen aurkezpena probari hasiera eman baino ordu bete lehenago (16:15) egingo da herrigunean.
Larunbatean Mendarotik (10:30) abiatuko da lehendabiziko etapa — 105,3 kilometro—. Lasterketaren azken 15 kilometroetan, Kalbario eta Arribinieta mendiko portuak izango dira gainditu beharreko puntu zailenak. Bigarren etapa —94 kilometro— Andoinen hasiko da igandean. Mendiko sarirako puntuagarriak diren zazpi gain hartzen ditu ibilbideak, Zizurkilerako igoera nabarmenduz.
Itzulia Seguran amaituko da astelehenean. Lasterketa 16:00etan abiatuko da. Etapa «motza baina estua» iragarri dute antolatzaileek. 76,1 kilometroko ibilbidean bost gain gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Lierni, Atagoiti, Aztiria eta «gogorrenak» Barbari eta Minatako igoerak.