Lazkao Txiki bertso paper lehiaketara lanak aurkezteko azken egunak
Uztailaren 1ean amaituko da lanak aurkezteko epea.

Argi Berri elkarteak antolatu duen 34. Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea uztailaren 1ean amaituko da. Lanak posta elektronikoz bidali beharko dira bertsoakargiberri@gmail.com helbidera. Ohi bezala, lehiaketa hiru mailatan banatu dute antolatzaileek.
Gaztetxoen maila, 13 urte artekoentzat da (2025ean 14 betetzen ez dituztenentzat). Parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake, gutxienez bi eta gehienez lau bertso, neurri eta doinu librean. Gaia ondorengoa da: Euskaraldia, elkar mugituz egingo dugu.
Gai librean
14-18 urte bitartekoen gazteen mailan (2025ean gutxienez 14 urte eta gehienez 18 urte betetzen dituztenentzat) eta helduen mailan (2006an edo aurretik jaiotakoak) gaia librea izango da, neurria eta doinua bezala. Bi kasu horietan, gutxienez zortzi eta gehienez hamabi bertso aurkeztu beharko dira. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina bertsopaper bidal ditzake.
Sariak
Sari banaketa irailaren 14an egingo da, Euskal Jaien azken egunean. Garaileek Txikia garaikur bana jasotzeaz gain, jasoko dituzten diru sariak ondorengoak dira: gaztetxoen mailan, irabazleak 200 euro jasoko ditu, bigarrenak 100 eta hirugarrenak 50 euro; gazteen mailan, berriz, irabazleak 300 euro, bigarrenak 200 eta hirugarrenak 100; helduen mailako irabazleak, azkenik, 500 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 eta hirugarrenak 300 euro.
Dena den, epaimahaiak edozein sari eman gabe utzi dezake behar adinako kalitaterik ez dagoela uste badu. Eta, bestalde, sariak erdibanatzeko aukera ere berea izango da, hala irudituz gero. Sari horiez gain, aipamen bereziak ere egon daitezke.