Andoni Lubaki urretxuarraren Ronak elkarteak fotokazetaritza masterra emango du Santa Barbaran

Andoni Berriotxoa Lubaki gatazka argazkilari urretxuarraren Ronak elkarteak fotokazetaritza masterra emango du Urretxuko Santa Barbara aterpetxean irailetik aurrera.
Fotokazetari gisa bidea egitea geroz eta zailagoa da, geroz eta eskaera gutxiago dagoelako, garai batean baino baldintza okerragoetan lan egiten delako eta konpetentzia gogorra dagoelako. Baina Ronak elkartekoek oso argi dute fotokazetariak inoiz baino beharrezkoagoak direla. Hori dela eta, master hau antolatu dute. Bertan, proiektu onak egiten eta saltzen erakutsiko diete parte hartzaileei.
Agentziako argazkilariek hasi zirenean gustura hartuko luketen masterra dela diote. «Formazioa intentsiboa, praktikoa eta zuzena izango da, kazetaritza argazkilariak edo dokumentaletako argazkilariak izan nahi dutenentzat. Baita beraien karrerari bultzada eman nahi diotenentzat ere», azaldu dute.
Masterrean erreportajeak eta dokumentalak egiten eta lanak kudeatzen, saltzen eta zabaltzen irakatsiko dute.
Santa Barbaran eta online
Masterrak bi fase izango ditu. Lehenengoa Urretxuko Santa Barbara aterpetxean egingo dute eta bi aste iraungo ditu. Bigarrena online izango da. Masterraren amaieran parte hartzaileek proiektu bat egingo dute, komunikabideetara, festibaletara edo bezeroei bidaltzeko.
Ronak irabazi asmorik gabeko elkartea da. Gatazka guneetan formazioa eskaintzen diete bertako pertsonei, nazioarteko komunikabideetan ahotsa izan dezaten. «Kalitatezko kazetaritza argazkilaritzan sinesten dugu. Ikasi duguna transmititu nahi dugu eta ofizio hau ondo ikasi nahi dutenentzat erreferentzia izan nahi dugu», diote Ronak elkartekoek.
Masterra argazkilari entzutetsuek emango dute: Moises Saman (Magnum agentzia ospetsuko argazkilaria eta Pulitzer sariaren irabazlea), Laia Abril (Espainiako Argazkilaritza Saria irabazi zuen), Diego Ibarra (Ekialde Ertainean lan egiten du), Monica Allende (Sony World Photography Awards-eko komisarioa), Andoni Lubaki (gatazka argazkilaria), Clemente Bernad (dokumentalista sozial ospetsua), Karlos Zurutuza (The Guardian eta Al Jazeera bezalako komunikabide entzutetsuentzat lan egin du), Juantxo Egaña (artista eta erakusketa areto garrantzitsuekin lan egin du), Roberto Villalon (Clavoardiendo argazki magazineko zuzendaria) eta Marta C. Dehesa (jabego intelektualean eta argazkilarien lan eta merkataritza erremintetan aditua).
Online saioak ere punta-puntako adituek gidatuko dituzte: El Pais egunkariko Gorka Lejarzegik prentsan nola publikatu irakatsiko du, Carmen Dalmauk arteak argazkigintzan duen eraginaz hitz egingo du, Judith Pratek dokumentalak prestatzen irakatsiko du, Pollobarbak sare sozialen erabileran trebatuko ditu ikasleak, Photolari multimediaz arituko da eta Joan Roig ukitu etikoez. Online saioetan beste aditu batzuek ere parte hartuko dute.
Masterra irailaren 21ean hasiko da. Egun horretan ongietorria egingo diete ikasleei. Eskolak irailaren 22tik urriaren 3ra emango dituzte. Urtarrileko lehen hamabostaldian proiektuak aurkeztuko dituzte, online.
Prezioa
Masterraren prezioa 3.500 eurokoa da, 2.780 euro izena ekainaren 30a baino lehen emanez gero. Prezio horren barne aterpetxean lo egitea, gosaria eta afaria sartzen da. Ronakek beka bat eskaintzen du.
Izena emateko, info@academiaronakpress.org helbide elektronikora idatzi behar da. Masterrari buruzko informazio gehiago nahi dutenek, academiaronakpress.org webgunean eskura dezakete.