Haurren eguna ospatzen ari dira Zumarragan
Mikel Serrano alkateak aurtengo alkate txikiari, Malen Zufiaurreri, agintaritza eman dio eta honek pregoia irakurri du. Arratsaldean umeen danborrada egingo da, 17:30ean. Ondoren, Mikeltxi Dj-arekin dantza egiteko aukera izango da.

Haurren Eguna ospatzen ari dira Zumarragan, Santa Isabel jaien baitan. Eguneko ekitaldi nagusia 11:00etan egin dute: herriko alkate den Mikel Serranok aurtengo alkate txikiari, Malen Zufiaurreri, agintaritza eman dio eta honek pregoia irakurri du. Ondoren Irrintzi dantza taldeko gaztetxoek dantza saioa eskaini dute. 12:00etan altxorraren bila jolastu dute plazan eta 13:00etan Kukai dantza taldeak Topa! ikuskizuna egin du toki berean.
Arratsaldean ere haurrak protagonista izango dira herrian, eta 17:30ean umeen danborrada abiatuko da. Urretxu eta Zumarragako haurrek, musika bandak eta musika eskolako ikasleek parte hartuko dute. 19:30ean danborradako parte hartzaileek txokolatada egingo dute eta 20:00etan Mikeltxi Dj-arekin dantza egiteko aukera izango da.
Aurtengo alkate txikia Malen Zufiaurre Rodriguez izan da eta zinegotziak Rim El Ouafi, Unax Guinea Murua, Eva Montoya Cabrera, Aimar Vizuete Aldanondo, Hodei Agirrebeña Lamas, Sinai Dos Anjos Prieto, Aitana Pompeu Alves Miguel, Dayra Olivera Jimenez, Goiuri Braña del Barrio, Maren Calvo Urbieta, Amira Lahbali eta Anta Lo.









































