Idiazabalgo Udalak lursailen mugaketa eta digitalizazio lanetan jarraitzen du
Azken hilabeteetan 13, 14 eta 15 poligonoetako jabeekin aritu da lanean eta egunotan banatu dizkiete liburuxkak. Hilabeteko epea dute orain, aldaketaren bat eskatzeko.

Idiazabalgo Udalak landa-lurzoruko sailak topografikoki mugatzeko prozesuari ekion zion iaz, Geograma enpresaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea eta zuzentzea eta mugei eta mugarriei GPS koordenatuak ematea da.
Egunotan aurkeztu zaizkie liburuxkak 13, 14 eta 15 poligonoetako jabeei. Orain hilabeteko epea izango dute aldaketaren bat eskatu nahi badute. Udalaren asmoa da udazkenean, 11. eta 12. poligonoetako lursailen mugaketa egitea eta horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza eskatuko da.
Udalak landa-lurretan kokatutako 336 hektareako azalera duten 407 lursail baino gehiago mugatzeko lanak egingo ditu orotara. Landa-lurraren hedadura handia dela eta udalak proiektu honetan daukan erronka handia da eta poligonoak txandan txandan hartuta egingo dira mugaketa digitalak.
Lurjabeekin elkarlana
Lan hauek behar bezala burutzeko 131 jabe baino gehiagoren kolaborazioa izatea ezinbesteko baldintza da, zeinak auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu behar dituzten. Lanak egin ostean, markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak dituzten planoak entregatuko zaizkie jabeei, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduz.