Ander Barandiaranek hirugarren saria lortu du Erroma Saria lehiaketan
Jatorrizko Izendapen Babestu edo Adierazpen Geografiko Babestuen kategorian irabazi du saria.

Idiazabalgo Gaztañaditxulo gaztandegiko Ander Barandiaranek hirugarren saria lortu du Erroma Saria lehiaketan, Jatorrizko Izendapen Babestu edo Adierazpen Geografiko Babestua duten gazten nazioarteko kategorian.
Urtero hainbat arlotan banatzen dituzte Erroma Sariak: enpresa, kultura, gizarte eta gastronomia arloetan. Tartean, Erromako Merkataritza Ganberak munduko gaztarik onenak aitortzen ditu Concorso per i megliori formaggi-Premio Roma lehiaketan.
Idiazabal Gazta JIKABek adierazi du “Kontseilu Arautzailearentzat kategoria horretan saritua izatea harro egoteko modukoa” dela: “Idiazabal Baserrikoa gaztaren kalitate handia egiaztatzeaz gain, gure gazten izen ona eta prestigioa nazioartean zabaltzen laguntzen du”.
Bere artaldeko esne propioarekin bakarrik egiten ditu bere gaztak Ander Barandiaran gaztandegiak, Idiazabalen, Gaztañaditxulo baserrian. “Gaztandegi txiki honek, bere ingurune naturalarekin oreka ezin hobean, gure arbasoen ohiturak eta tradizioak eguneratuta mantentzen ditu, bertako ardien artzaintza estentsiboari esker kalitate handiko esnea lortuz. Lana, zehaztasuna eta landa-inguruneari lotutako bizimoduaren defentsa dira harribitxi gastronomiko honen gainerako osagaiak, berriz ere gure mugetatik kanpo entzutetsua dena”.