Euskal dantzak eta logistika berritzailea, Beasaingo Udako Ikastaroetan
'Ateak Ireki Dantzan-Dancing' ikastaroa ekainaren 30etik uztailaren 1era izango da, eta logistikari lotutakoa, aldiz, irailaren 11n. Izen-ematea zabalik dago.

Aurten ere, Beasainen izango dira EHU Uda Ikastaroak Fundazioak antolatzen dituen Udako Ikastaroetako bi, Igartzako Jauregian. Euskal dantzekin lotutakoa da bat, logistika eredu berritzaileekin lotutakoa bestea. Gaur aurkeztu dute ekimena Leire Artola alkateak, Idoia Otaegi EHUko UIK Uda Ikastaroak Fundazioko zuzendari akademikoak, Adur Ugartemendia Beasaingo Lurraldea saileko buruak eta Iñaki Goirizelaia Ateak Ireki Dantzan ikastaroko zuzendariak.
Ateak Ireki Dantzan-Dancing izeneko ikastaroa ekainaren 30etik uztailaren 1era izango da. Ateak Ireki egitasmoaren barruan kokatzen da ikastaroa. Goirizelaiak gogoratu du egitasmoaren helburua “Euskal Herritik kanpo dagoen euskal komunitatea sendotzea” dela: “Sentitzea gure parte ere badela eta harremanak sortzea, zubiak eraikitzea”. Horretarako Ipar Ameriketako euskal jatorria duten gazteak Goierrira etorriko dira aurtengo udan ere, eta hiru asteko egonaldia egingo dute Goierriko familien etxeetan. Komunitate hori sendotzeko bidea da antolatutako ikastaroa: “Pentsatu genuen eurentzat garrantzi handikoa zela euskal dantzan murgiltzea. Guretzat gure adierazlerik inportanteena euskara da, baina Ipar Ameriketan bizi diren gazteentzat, hirugarren belaunaldikoak direnak, euskara bizirik mantetzea ez da hain erraza, baina euskal dantza bizirik mantentzea bai”. Ipar Ameriketako gazteek eta Goierriko gazteek batera parte hartuko dute ikastaroan. “Euskal dantzak ikasten, eta giro hori aprobetxatuta, harremanetan sakontzen eta euskal kulturan murgiltzen”, azaldu du Goirizelaiak. “Erantzun positiboa” izan dute; 42 ikaslek eman dute izena.
Arlo teorikoa eta praktikoa izango ditu. Teorikoa Igartzako Jauregian izango da, eta praktikoa kiroldegian. Ikastaroa amaitu eta gero, Beasainen erromeri bat egingo dute uztailaren 1ean, 18:00etan. “Beasaindar guztiak gonbidatuta daude, seguru ondo pasatuko dutela gurekin”.
Eredu berritzaileak
Irailaren 11n, berriz, Azken miliako banaketa, lehen mailako erronka izeneko ikastaroa egingo dute Igartzako Jauregian. Adur Ugartemendiak gidatuko du. Berak azaldu duenez, gaur egungo logistika ereduen ondorioak eta eredu berritzaileak aztertuko dituzte ikastaroan. “Gaur egungo logistika ereduek inpaktu negatibo asko dituzte, trafiko ikuspegitik, espazio publikoaren erabilera desegokiaren ikuspegitik, airearen kalitatean… udal helburuekin lerrokatuta egoteaz harago, badaude eredu eta teknologia berritzaile batzuk aztertzea merezi dutenak”.
Logistikaren inguruko datu batzuk eman ditu: “2008an salerosketa guztien %9,6 online salerosketak ziren; 2022rako %25 izatera iritsi zen; eta 2026rako %12ko gehikuntza aurreikusten da”. Horrek trafikoan edota tokiko merkataritzan ondorio negatiboak dituela azaldu du, eta horri aurre egiteko “neurri asko hartu behar” direla. Jasangarriak ez diren banaketa zerbitzu ereduez ariko dira, eta horien alternatibak aztertuko dituzte. Bi bi bloketan banatutako ikastaroa izango da. Unibertsitateko ikasle, irakasle eta orokorrean, mugikortasun zein logistikako profesionalei zuzendua dago. EIT Urban Mobility, GERTEK eta BAX – Urban Mobility erakundeetako adituek parte hartuko dute, eta etorkizuneko hiri-logistikarako eredu berriak martxan jartzen ari diren hiru adibide aurkeztuko dituzte Vitoria-Gasteiz Mobility Lab, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Kluster zein BasqueCCAM zentroko ordezkarien bitartez.
“Apustu sendoa”
Leire Artola alkatearen hitzetan, “ezagutzaren, pentsamenduaren eta lankidetzaren aldeko apustu sendoa” da Beasainen ikastaroak aurrera eramatea. “UIK ikastaroak ez dira ekinzta akademiko hutsak, ezagutza partekatzeko eta gizartean oianrrian dauden gaiez hitz egin eta eztabaidatzeko topagune dira”. Beasain “herri bizia eta parte hartzailea izateko beharrezkotzat” jo ditu horrelako ekitaldiak, “komunitatea indartu eta aberasteko”.
Idoia Otaegik nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitatearen helburuetako bat dela “hirietatik harago herrietara zabaltzea”, eta “Beasaingo Udalarekin 2019. urteaz geroztik egindako bidea jarraituko” dutela aurtengo ikastaroekin.
Egun bat lehenagora arte
Matrikulazio epea zabalik dago. Ikastaroa hasi baino egun bat lehenagora arte eman daiteke izena. Izen-ematea eta ikastaroei buruzko informazioa: uik.eus webgunean.