Jaietako egun handia ospatzen ari dira Seguran
San Joan txiki prozesioan atera dute goizean, aurten lehenengo aldiz, Txarrantxako emakumeek. Bihar izango da jaietako azken eguna, Zopa Pertzaren igoera eta agur zaratatsuarekin.

San Joan egunean ohitura denez, elorri adarrez jantzi dituzte gaur Segurako etxe atariak. Jaietako egun handia dute gaur, baita aurten, egutegiak hala aginduta agur kutsukoa ere. Gaurkoa pasata, bihar gauen amaituko baitira sanjoanak Seguran, Zopa Pertzaren agur zaratatsuarekin.
Gaur goizean, ohiko prozesioan atera dute San Joan txiki. Santuaren baimenarekin, Txarrantxako emakumeak izan dira gaur goizean protagonista, lehendabiziko aldiz atera baitira gaur prozesioan.
Profesionalen pilota partidak ere San Joan egunez egokitzen dira. 17:00etan emango diote hasiera aurtengoari Baratzen. Lizeaga eta Goiburu Alberdi eta Albenizen aurka arituko dira afizionatuen mailan. Profesionaletan, aldiz, Zabalak Darioren aurka jokatuko du lau t’erdiko San Fermin torneoan; eta Expositok eta Eskuzak, De la Fuente eta Gabirondoren aurka neurtuko dituzte indarrak binakakoan.
Kuadrillena izango da beste behin protagonismoa arratsaldean, kuadrillen arteko IX. mozorro lehiaketarekin. 19:00etan irekiko da mozorro desfilean parte hartzeko izen ematea eta ordu erdi beranduago ekingo diote desfileari plazan. Orduz kanpo izena ematen dutenek, ez dute saririk lortuko. Gau Argi musika taldearen emanaldiarekin (23:00) amaituko dute gaur eguna.
San Joan bigarrena
Jaietako azken eguna izango da biharkoa. Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte goizean (11:00-13:30) eta arratsaldean (16:00-18:30) Baratze pilotalekuan. Hasiera batean igerileku inguruan jarri behar zituzten arren, eguraldi iragarpena medio, azken orduko aldaketa egin dute.
Arboladian jokatuko den toka eta bola txapelketak, The Joselontxo´s txarangaren saioak eta txakolin eta sardina dastaketak osatuko dute eguerdira arteko egitaraua.
Arratsaldean, 18:30ean Andoni Ollokiegik kontzertua egingo du bakarka eta herri afariaren ostean, taldean lagunduta arituko da. 22:30ean emango diote haisera Zopa Pertzarekin kalejirari, Tobera musika eskolako ikasleek lagunduta eta 23:00etan izango da Zopa Pertzaren igoera eta agur zaratatsua.
- Pasaiako erraldoi konpartsa Segurako buruhandi eta erraldoiek lagunduta, atzo plazan.
- Elorri adarrak Segurako etxe atarietan, San Joan egunez.
- Elorri adarrak Segurako etxe atarietan, San Joan egunez.