Biziolako bazkideek larunbatean egingo dute urteko batzarra
Bigarren urtearen balantzeak aurkeztu eta alor desberdinen balorazioak egitea izango da bileraren ardatza. Lehen deialdia 10:30ean izango da, eta bigarrena 11:00etan.

Urtarrilaren 20an, 2023an, ireki zituzten Biziola kooperatibaren Lazkaoko dendaren ateak. Aurkezpenetarako eta hasiera-ekitaldirako eguna izateaz gain, lehenengo erosketak egiteko aukera ere orduan izan zen. Bi urte igaro ondoren, denda eta ekimena kudeatzen dituen kooperatibak batzar nagusia deitu du larunbat honetarako, ekainak 28. Batzar garrantzitsua izango dela aurreratu dute kudeatzaileek, eta Biziola osatzen duten bazkide guztiak daude deituta.
Batzarreko lehen deialdia 10:30ean jarri dute, eta bigarrena, berriz, 11:00etan. Bigarren urtearen balantzeak eta balorazioak aurkeztu eta kontuak ixteaz gain, urte honetako kudeaketa plana eta aurrekontuen gainbegiratzea ere egingo dute. Eta ez hori bakarrik. Goierriko baratzarekin izan duten elkarlana, puntu desberdinen bozketa, Koop57 kredituaren itzulera eta emaitza osoen aurkezpena ere izango dira landuko dituzten gaietako batzuk. Horrez gain, amaiera aldera, bazkideek ere izango dute galderetarako tartea.
Etorkizunerako helburuak
Biziolak identifikatutako erronka zehatzei erantzuteko proiektu sozioekonomiko berriak artikulatzeko asmoa izan du bere sorreratik, eta horretan dirau oraindik ere, haren sorreratik bi urtera. Batetik, Goierri burujabeago bat lortzeko bidean lan egiten dute, alegia, eskualde «kohesionatuago eta komunitarioago bat» eraikita, etorkizunaren gaineko erabakiak hala eurak hartzeko aukerak handitu ahal izateko. Bestetik, Goierri orekatuago bat eraiki nahi dute, desberdintasun sozialik gabea, genero arrakalarik gabea, anitza, herrien arteko oreka zaindu eta landuko duena, «ekonomia pluralago bat» eraikita.
Iraunkortasunaren alde ere egiten du Biziolak. Egun bizi garen lurrak dituen «mugak» kontuan izanda, krisi klimatikoari aurre egingo dion eskualdea nahi dute. «Finean, bizitzaren iraunkortasuna bera erdigunean jarriko duen eskualde bat. Produkziotik haratago erreprodukzioa ere aintzat hartuko duena».
Izena emateko
Batzar orokorrean parte hartu eta izena emateko, info@biziola.eus helbidera idatzi beharko du interesa izan dezakeen orok. Webgunera mezua bidalita ere egin daiteke.